Olerkigintza, olertia edo poesia (grezieratik: ποίησις, poiesis, "egitea" edo "sortzea") literaturaren agerpen berezia da. Estetika, erritmoa eta hizkuntzaren baliabideak erabiltzen ditu, hala nola eufonia, sinbolismoa eta metrika, testuaren esanahiari gehitzeko beste geruza bat.
Olerkigintzak historia luzea du, historiaurrean jada Afrikan erabiltzen baitzen ehizari buruzko poesia, eta Nilo, Niger eta Volta ibaien inguruan poesia panegiriko eta elegiatikoa garatu zen[1]. Afrikan egindako lehen poema idatziak Piramideko Testuetan agertzen dira[2], K.a. XXV. mendean; Sundiataren Epika da garai honetako gorteko poesiaren adibiderik ezagunena[3]. Mendebaldeko Asian ezagutzen den olerkirik zaharrena, Gilgamexen epopeia[4], sumerieraz idatzita dago. Eurasian egindako lehen poemak abestietatik eratorriak dira, Txinako Shijing gisa, edo ahozko literatura gordetzeko helburuarekin, sanskritoko Vedak, Zoroastroren Gatha edo Homeroren epikak bezala, Iliada eta Odisea. Antzinako Grezian poesia definitzen saiatu ziren, adibidez Aristotelesen Poetika bezala, erretorika, drama, abestia eta komedia aipatuz. Beranduago saiatu ziren beste ezaugarri batzuk biltzen, hala nola errepikapena, bertsoen forma, errima eta estetika. Poesia prosatik bereizteko saiakera objektiboak izan ziren.