Onddo | |
---|---|
Amanita muscaria, basidiomizetoa; Sarcoscypha coccinea, askomizetoa; ogi beltzaren lizuna, zigomizetoa; kitridiomikoto bat; eta Penicillium, konidioforoa. Irudi gehiago | |
Sailkapen zientifikoa | |
Superdomeinua | Biota |
Goierreinua | Eukaryota |
Erreinua | Fungi |
Azpierreinuak/Filumak | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | landare-jatorriko elikagai |
Onddoak organismo zelulaniztun eukariotoak dira. Tradizionalki, guztiak Fungi erreinuan sailkatu dira, nahiz eta gaur egun onddo gisa sailkatu diren batzuk beste talde batzuen sartzen diren[1][2]. Organismo heterotrofoak dira, zelula-horma kitinatsua dute eta, espezie gehienetan, hifa zelulanitzez osatutako harizpi antzeko mizelioak eratzen dituzte. Kontuan izan behar da zenbait espezie organismo zelulabakar gisa bizi direla. Modu sexual zein asexualean ugaltzen dira, normalean espora bidez. Esporak egitura berezituetan edo fruitu-gorputzetan ekoizten dira askotan. Zenbait onddo-espeziek galdu egin dute ugalketa-egitura espezializatuak sortzeko gaitasuna, eta hazkuntza begetatibo bidez soilik ugaltzen dira. Legamiak, lizunak eta perretxikoak, onddoak dira denak. Onddoen taldea monofiletikoa da, eta ez du zerikusirik morfologikoki hain antzeko onddo lirdingatsuekin eta oomizeteekin (protistak). Landareen antzekoak bainoago, animalien antzekoak dira, ez baitira autotrofoak, heterotrofoak baizik. Hala ere, haien ikerketan diharduen diziplina — mikologia— oraindik gehienetan botanikaren adarra kontsideratzen da.
Mundu osoan barrena bizi dira, baina gehienak ikusezinak dira giza begiarentzat. Zoruan bizi dira, materia organiko hilean eta landare, animalia zein beste onddo batzuen sinbionte gisa. Funtseko lana betetzen dute ekosistemen funtzionamenduan, materia hila deskonposatzen baitute eta elikagaien zikloan eta trukean ezinbestekoak baitira. Zenbait onddok fruitu-gorputz ikusgarriak ekoizten dituzte, bai perretxiko eran, bai lizun eran. Onddo-espezie asko elikaduran erabiltzen dira, bai zuzenean bai beste prozesu batzuetan, hala nola ardoa edo garagardoa bezalako produktuen hartziduran. Berriagoak dira beste erabilera batzuk: medikuntzan antibiotikoak ekoizteko erabiltzen dira, eta garbikarietan edo erabilera industrialetan entzima garrantzitsuak (zelulasak, pektinasak, proteasak...) ekoizteko ere baliatu dira. Zenbait onddok konposatu bioaktibo animalientzako toxikoak sortzen dituzte, esaterako alkaloideak. Konposatu horiei mikotoxina deritze. Hainbat onddo aisialdirako droga gisa erabiltzen dira, eta beste batzuk, zeremonia tradizionaletan, konposatu psikotropiko modura. Onddo batzuk gizakiarentzat patogenoak dira, eta onddoek uztetan sortutako kalteek arriskuan jar dezakete tokiko ekonomien elikagai-hornidura.
Onddoen erresumaren barruan sailkatzen diren izakiek dibertsitate oso handia dute, bai ekologiaren aldetik, bizi-zikloaren ikuspegitik edo morfologiaren aldetik: Chytridiomycota onddo zelulabakar urtarretatik perretxiko handietara. Hala ere, oso gutxi ezagutzen da Fungi erresumaren biodibertsitate errealaren inguruan. Estimazio batzuen arabera 2,2 eta 3,8 milioi espezie artean egon litezke[3]. Horietatik, 120.000 inguru deskribatu dira, badakigu 8.000 espezie landareentzat txarrak direla eta 300 gizakien patogeno direnak[4]. Lineo, Christian Hendrik Persoon eta Elias Magunus Friesen lan aitzindariaren ondoren, onddoak euren morfologiaren arabera sailkatu izan dira, batez ere esporen kolorea eta hainbat ezaugarri mikroskopiko, hala nola euren fisiologiaren arabera. Genetika molekularrean egondako aurrerapenei esker, DNA analisia gehitu da taxonomiara, eta hainbat taldekatze historiko kolokan geratu dira. Azken hamarkadan Fungi erreinuaren inguruan argitaratu diren filogenia ezberdinek guztiz eraldatu dute sailkapena: orain azpierreinu bat, zazpi filum eta hamar subfilum proposatzen dira.
ZT
izeneko erreferentziarako