Our website is made possible by displaying online advertisements to our visitors.
Please consider supporting us by disabling your ad blocker.

Responsive image


Plasma (fisika)

Plasma-lanpara ikus daiteke irudian.

Fisikan, plasma esaten zaio materiaren laugarren oinarrizko egoerari, egoera gaseosoaren antzekoa baita, baina gasean ez bezala plasmaren partikulak ionizatuta baitaude (hots, partikulak elektrikoki kargatuta daude) eta ez baitute oreka elektromagnetikorik; hori dela eta, plasma eroale elektriko ona da eta bere partikulek irismen luzeko elkarrekintza elektromagnetikoen eragina jasaten dute.

Plasmak gainerako egoeretan (solido, likido eta gas) agertzen ez diren ezaugarriak dauzka, eta honenbestez materiaren egoeratzat jotzen da. Gasak bezala, plasmak ez dauka forma edo bolumen jakinik, non eta ez dagoen edukiontzi batean itxita; baina gasak ez bezala, zeinak ez baitu efektu kolektibo garrantzitsurik, plasmak eremu magnetikoaren eraginpean hainbat egitura berezi sortzen ditu, hala nola harizpiak, izpiak edota gainazal bikoitzak[1].

Gas bat asko berotzeak bere molekula eta atomoak ioniza ditzake, eta horrela plasma sortu[2]. Egoera honetan atomoak aske mugitzen dira; zenbat eta handiagoa izan tenperatura, orduan eta arinago mugitzen dira, eta elkarrekin talka egitean elektroien erauzketa gertatzen da. Elektroi erauzketa horrek ematen dio plasmari bere distira bereizgarria. Laser edo mikrouhin bidezko intentsitate handiko eremu elektromagnetiko baten pean materia ionizatu daiteke, molekuletako loturak disoziatuz. Gas bati eremu elektriko bat ezartzean ere plasma lor daiteke.

Plasma, bestelakorik eman badezake ere, naturan ohikoena den egoera da (izarretan eta galaxiarteko plasman ageri da, esaterako), eta Unibertso ikusgaiaren materiaren zati handiena hartzen du[3].

Tximistak 27.000 °C-ko tenperaturara heltzen den plasma dira
Eguzkia da plasmaren adibide argia.
  1. Serway, Raymond A.. (©2004-2005). Fundamentos de física. (6a ed. argitaraldia) Thomson ISBN 970-686-375-3. PMC 61314651. (Noiz kontsultatua: 2020-11-13).
  2. VAN MILLIGEN, Boudewijn Ph.; SÁNCHEZ, Raúl; TRIBALDOS, Victor; VARGAS, Victor I.. (2008). «Quantifying Profile Stiffness» Plasma and Fusion Research 3: S1070–S1070.  doi:10.1585/pfr.3.s1070. ISSN 1880-6821. (Noiz kontsultatua: 2020-11-13).
  3. Space weather : the physics behind a slogan. Springer 2005 ISBN 3-540-22907-8. PMC 209861134. (Noiz kontsultatua: 2020-11-13).

Previous Page Next Page