Plasmodium falciparum | |
---|---|
![]() | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Chromista |
Filuma | Apicomplexa |
Klasea | Aconoidasida |
Ordena | Haemospororida |
Familia | Plasmodiidae |
Generoa | Plasmodium |
Espeziea | Plasmodium falciparum William H. Welch, 1897
|
Datu orokorrak | |
Ostalaria | Homo sapiens eta Anopheles |
Genomaren kokapena | protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org… eta protists.ensembl.org… |
Plasmodium falciparum protozoo unizelular eta eltxoen eta gizakien bizkarroi bat da. Plasmodium generoaren izaki hilgarriena da, gizakiengan malaria[1] eragiten baitu. Ez da malaria eragiten duen Plasmodium bakarra, baina bai malaria larriena sortzen duena. Anopheles generoko eltxo emeak izaten dira ziztadaren bidez gaixotasuna transmititzeaz arduratzen direnak. Protozoo honek eragiten duen gaixotasuna malaria falciparum-a da[2][3], malaria motarik arriskutsuena eta lehen esan bezala hilkortasun tasa handikoena[4]. Gaixotasun hau baliabide ekonomikoek eraginda, Sahara azpiko Afrikan askoz arruntagoa da beste munduko edozein lekutan baino.
Espezie hau, duela 10.000 urte inguru eratorri zen, goriletan aurkitzen zen Laverania izeneko beste malaria eragile batengandik[5]. Alphonse Laveran izan zen lehena identifikatzen 1880an eta Oscillaria malarie moduan izendatu zuen. Aurrerago, 1897an, Ronald Ross izan zen gaixotasuna eltxoen bidezko transmisio baten bitartez hedatzen zela jabetu zen lehena. Bere izen zientifikoa, Plasmodium falciparum, William H. Welch-ek eman zion 1897an, baina, ICZN-k ez zuen onartu 1954 arte. 1898an Giovanni Battista Grassi-k gaixotasunaren transmisio osoa argitu zuen, Anopheles eltxo emetik hasita gizakira arte.
P. faciparum-ek forma desberdinak ditu bere bizi-zikloan zehar; gizakia kutsatzen duen hasierako fasean eltxoen listu guruinetatik esporozoitoak transmititzen dira. Hauek hazi eta biderkatu egiten dira gibelean merozoito bihurtuz. Ondoren, merozoitoek eritrozitoak inbaditzen dituzte trofozoitoak, merozoitoak eta gametozitoak eratzeko, garapen-fase honetan malariaren sintomak gizakietan ikusten direlarik. Eltxoetan, gizakiengandik jasotako gametozitoez baliatuz, ugalketa sexuala ematen da beraien barnean zigotoa eratuz. Zigotoak, mugimendu ameboidearen bidez, eltxoaren digestio-hodiko kanpo hormara migratzen du. Han handitu egiten da eta esporozoito bihurtzen da, zikloa errepikatuz.
Munduko Osasun Erakundeak (MOE) argitaraturiko azken txostenaren arabera (World Malaria Report, 2018) 2017an 219 milioi malariaren kasu eman ziren mundu guztian eta 435.000 pertsonen heriotza ekarri zuten[6]. Ia malaria guztien heriotzak P. falciparum-ak eraginikoak izaten dira, heriotza guztien % 93 garatu gabeko Afrikako herrialdeetan ematen delarik. Aipatzekoa da 5 urtetik beherako umeak izaten direla kalte handienak pairatzen dituztenak, heriotzen % 62 osatzen dutelarik[6].