Our website is made possible by displaying online advertisements to our visitors.
Please consider supporting us by disabling your ad blocker.

Responsive image


Pottoka

Artikulu hau zaldi arrazari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Pottoka (argipen)».
Pottoka
Zaldi arraza
EspezieaEquus ferus caballus
Jatorria Euskal Herria
SinonimoakPottok, Euskal Ponia, Ordunteko zaldia
ZAPE elkarteko pottokak
Pottoka moxalak
Tarpanen marrazkiak Lascauxeko harpean

Pottoka Euskal Herriko berezko eta bertako zaldi arraza bat da[1][2]. Haren tamaina zein hainbat ezaugarriengatik, Europako gertuko beste hainbat zaldi txiki arrazaren kasuan bezala, ponien sailkapen taldean dago.

Landa eremu latzenetara ondo egokitutako abere indartsua izaki, milurtekoetan zehar Euskal Herriko mendi zein basoetara moldatutako zaldia da[3]. Bere jatorria oso aspaldikoa da: azken Izotz Aroa eta gero, Mendebaldeko Europan eta zehazki gure inguruan iraun zuten basa ponietan, hain zuzen.

Poni hau antzinatik euskal ohitura, kondaira eta mitoetan nabaria izan da. Bestalde, Euskal Herriko mendietan libre bizi izan den aberea da hau[4], negu gorrian ukuilua zapaldu gabe eta gizakiak emandako zaintza eta bazkarik gabe irauteko gai dena. Garai batean hainbat pottoka jabek euren animaliak harrapatzeko benetako uxaldiak antolatu behar izaten zituzten, abere zeharo basatiak zirelako[5].

Euskal esaera zahar batek pottoken basatasuna azpimarratzen du: Pottokak mendian ez dira heziak. Jose Migel Barandiaranek garrantzi handia eman zion zaldiari eta Euskal Herrian berezko arraza den pottokari euskal kultura, mitologia eta folkloreari buruzko bere ikerketan [6].

Zaldi horren ezaugarri orokorrei dagokienez, ondo osatutako aberea da, neurri ertain eta proportzionatuak ditu eta gorputz gihartsu eta sendoa. Izaeraz, azkarrak, gogorrak eta bezatuz gero, jabearekiko oso leialak dira. Baron zooteknistaren araberako sailkapenean, pottokak soslai zapalaren ezaugarriak ditu, baina soslai artezagoaren eta ganbilaren hainbat eraginekin.

Samaldek mendian egoera basatian dauden zaldien ohitura berberak dituzte. Taldean behor nagusi bat dago, Alfa delakoa, samaldako zaldiarekin batera hierarkian aurrenekoa dena eta beste behorrak gobernatzen dituena[7]. Ezozein modutan basazaldien eta zehazki pottoken etologiari eta hierarkiari buruz ikerketa eta iritzi berriak zabaldu dira azken urteetan, behor eta garaino alfen ikuspegi zurrun hori zalantzan jartzen dituztenak[8].

Euskal Herrian bertako beste hainbat zaldi arraza egon arren, gehienek neurri batean edo bestean pottoka arbasotzat dute, eta bertako pottokak kanpoko arrazekin nahastearen ondorioz sortuak dira. Salbuespenak Ordunteko behorra, Lausako zaldia ere deitua, eta zaldi montxinoa bide dira. Azken biak ere antzinako arrazak direlako, genetikoki eta morfologikoki pottokarengandik nahiko hurbil daude. Zenbait adituk nafar behoka arraza ere nahastu gabeko antzinako arrazatzat jotzen dute, nahiz eta azterketa genetikoek kontrakoa ondorioztatu. Dena den, pottoka, Euskal Herriko mendiko zaldia, nafar behoka eta Aurizko zaldiarekin 2006. urtean egindako azterketa genetiko batean, hiru markatzaile genetiko erabiliz, frogaturik geratu zen pottoka zela arraza haien artean kanpokoen eragin txikien jaso duen bertako zaldi arraza dela[9]. Auritzeko zaldiak kanpoko arrazekiko nahasketa handiena jaso du; gero, Euskal Herriko mendiko zaldiak; eta, ondoren, nafar behokak. Azkena pottoka da.

Ordunteko behorren kasuan, pottokaren oso antzekoak dira —zelta poni ere deritzo—, euskal ponia baino handiaxegoak. Gainera bi arrazen banaketa eremua Ordunteko mendilerroan bertan gainezartzen da. Kontuan hartu behar da abereen elikadurak ere eragina duela tamainan eta, oro har, Ordunteko behorrak, lautzako zaldiak deituak halaber, baina larre hobeetan bazkatzen direla. Egun Lausako edo losino arrazak Burgosko iparraldean bakarrik irauten badu ere, duela gutxi arte Arabako Gaubea haranera zein Aiara aldera ere zabaltzen omen zen. Baliteke oraindik aleren bat geratzea euskal eskualde haietan. Arraza horren ipar-ekialdeko gunean, bi arraza historikoki lotu diren gunean hain zuzen, pottokaren eragin nabaria jaso du.

Pottoka arrazak gutxitze eta nahasketa prozesu etengabea nozitu du aspalditik, ia galtzeraino. Azken urteetan, ordea, Euskal Herriko zenbait tokitan arraza babesteko eta jatorrizko ezaugarriekin mantentzeko ekimenak abiatu dira, bai herritarren zein erakunde publikoen aldetik. Hala ere, Euskal Herriko poni erdi-basati hauek oraindik ez daude erabat galtzeko arriskutik salbu. Are gehiago, Espainiar Nekazaritzako Ministeritzaren arabera, pottoka desagertzeko arrisku egoeran dagoen abere arraza da[10].

Kontuak kontu, arrazaren egoera kaskartu egin da azken urteetan Ipar Euskal Herrian, bertan mendiko pottoken nahasketa egin baita kanpoko beste zaldi edo poni arrazekin (zaldi arabiarra, galestar ponia...) hipikarako "produktu hobeak" lortzeko[11].

  1. Muro, Alberto. (1997). Pottoka, Euskal Herriko Poneya. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia ISBN 84-7752-232-4..
  2. (Gaztelaniaz) Pascual Moro, Iñigo. Definición zootécnica y etnológica de la raza poney vasco pottoka. , 1 or..
  3. (Ingelesez) Basque pony. USA.
  4. (Frantsesez) «Poney Pottok» Dictionnaire des sciences animales (Cirad).
  5. (Gaztelaniaz)Jose Miguel de Barandiaran, obras completas. Egilea, Jose Miguel de Barandiaran. Argitaletxea, Editorial la gran enciclopedia vasca, Bilbao 1976.
  6. (Gaztelaniaz) Barandiaran, Jose Migel. (1972). Diccionario ilustrado de Mitologia Vasca. Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca, 244-245 or..
  7. (Gaztelaniaz) Orozco Piñan, Fernando. (2009). Guia de campo de las Razas Autóctonas Españolas. Pottoka. Bilbo: Ministerio de Medio Ambiente y Medio Rural y Marino, 494-496 or. ISSN 978- 84-491-0946-1 : 978- 84-491-0946-1..
  8. (Gaztelaniaz) Rees, Lucy. (2024). «Los caballos salvajes» Etologia.
  9. (Gaztelaniaz) Andonegi Beristain, Garazi. (2006). «Euskal Herriko zaldiak» Elhuyar 218: 54..
  10. (Gaztelaniaz) Raza equino caballar pottoka. Madrid: Ministerio de Agricultura, Pesca y Alimentación.
  11. (Ingelesez) «Pyrenean Tarpan» Breeds of livestock.

Previous Page Next Page






Pottoka BR Pottoka Catalan Pottok-Pony German Pottok English Pottoka Spanish Pottok Finnish Pottok French Pottoka GL Pottok Italian ポトック Japanese

Responsive image

Responsive image