Our website is made possible by displaying online advertisements to our visitors.
Please consider supporting us by disabling your ad blocker.

Responsive image


Protestantismo

Protestantismoa
Protestantismoaren hedapena
SortzaileakMartin Luther
Joan Kalbino
Ulrich Zwingli
John Knox
Jan Hus
JainkoaHirutasun Santua: Jainko Aita, Jainko Semea eta Jainko Espiritu Santua
MotaKristautasuna
Jarraitzaile-kopurua gutxi gorabehera801.000.000
Jarraitzaileen izenaProtestante, ebanjeliko
Idazti sakratuaBiblia (protestanteentzako bertsioak)
Hizkuntza liturgikoaHerri-hizkuntza
SorlekuaAlemania Alemania
Jarraitzaile gehieneko herrialdeaAmeriketako Estatu Batuak Ameriketako Estatu Batuak
IkurraGurutzea
JainkotegiakElizak
ApaizeriaGotzainak, artzainak, zerbitzariak (adarraren arabera)

Protestantismoa edo protestantegoa[1] Erreformako jakinbideaz sortutako fede eta jardun erlijiosoei jarraitzen dien kristautasunaren adarra da. Era zabalagoan, aldiz, protestantismoa Aita Santuaren agindupetik kanpo dagoen Mendebaldeko Kristautasuna da. Protestantismoa, kide-kopuruari dagokiola, kristautasunaren bigarren erarik handiena da, nazioartean, guztira, 800 milioi eta 900 milioi baino jarraitzaile gehiagoren artean baitauzka, ia kristau guztien %40[2][3]. XVI. gizaldian sortu zen erlijiozko higikunde eraberritzailea izan zen, Erromatar Eliza Katolikotik bereizi zena, haren akats eta desbideraketak zirela-eta[4]. Protestanteek Erromatar Eliza Katolikoaren aita santuaren gailentasunari eta sakramentu katolikoei uko egiten diete, baina euren artean ez datoz bat eukaristian Jesu Kristo benetan egoten denetz[5]. Protestanteek honako hauek nabarmentzen dituzte: sinestun guztien apaizgoa, fede soilaren bidezko zuzenespena (sola fide), ekintza onen bidezkoa beharrean, eta Bibliaren gorentasun hutsa (ohitura apostolikoarekin batera izan barik) fedean nahi moralean (sola scriptura)[6]. «Bost solek» Erromatar Eliza Katolikoarekiko oinarrizko teologia-ezberdintasunak laburbiltzen dituzte[7].

Protestantismoa Alemanian 1517an hasitakotzat hartzen da, alegia, Martin Lutherrek bere Laurogeita hamabost Tesiak argitaratu zituenean. Tesiok Erromatar Eliza Katolikoak barkamen gehiegi saltzearen aurkako Lutherren erantzuna izan ziren; barkamen horien bitartez, erosleei euren zigorrak aldi baterako barkatzen zitzaizkien[8]. Protestante hitza luthertar printzeen 1529ko protesta-gutunetik (protestatio) eratorria da, hots, Martin Lutherren jakinbideak sinausletzat gaitzesten zituen Spirako Dietaren ediktuaren aurkako adierazpenetik[9]. Adierazpen hura Martin Lutherrek egin zuen Dietaren aurretik, Wormsko Dietak erabakitakoa berretsi zuenarekin ados ez zegoelako. Targoak eta Erromatar Eliza Katolikoa berriztatzeko lehenago saialdiak izan baziren ere, bereziki Petri Valdo, John Wycliffe eta Jan Husen eskutik, Lutherrek ez beste inork ez zuen lortu ikuspegi zabalago eta iraunkorragorik eta higikunde modernorik sortzea [10]. XVI. gizaldian, luteranismoa Alemaniatik (sasoi hartan Germaniako Erromatar Aginterri Santuan) Danimarkara, Norvegiara, Suediara, Suomira, Letoniara, Estoniara eta Islandiara hedatu egin zen[11]. Joan Kalbino, Ulrich Zwingli eta John Knox lako erreformatzaileek Alemanian, Hungarian, Herbehereetan, Alban, Suitzan eta Frantzian sinesbide kalbindarrak barreiatu zituzten[12]. Henrike VIII.aren erregealdian, Ingalaterrako Elizaren aita santuaren arteko bereizketa politikoak anglikanismoari hasiera eman zion, Ingalaterrara eta Galesa erreforma-higikunde zabala eroanez.

Protestantismoa anitza da, eta teologikoki zein eklesiologikoki Erromatar Eliza Katolikoa, Eliza Katoliko Apostoliko Ortodoxoa edo ekialdeko eliza ortodoxoak baino zatituagoa dago. Egitura-batasun edo erdiguneko giza agintari barik, protestanteek eliza ikusezinaren adigaia garatu zuten, Eliza Katolikoa Jesukristok irasitako benetako eliza bakar ikusgarritzat daukan ikuspegi erromatar katolikoaren oso bestelakoa. Sinesbide protestante batzuk eta euren kideak mundu osoan zehar zabalduta daude, eta beste batzuk herrialde bakar batean finkatuta egoten dira. Protestante gehienak sinesbide gutxi batzuen kide dira: adbentistak, anabaptistak, anglikarrak, baptistak, kalbindarrak, luthertarrak, mendekostearrak eta metodistak. Dena dela, sinesbiderik bakoak, ebanjelikoak eta karismadunak, eliza beregainak eta beste mota batzuetakoak hazten ari dira, eta kristautasun protestantearen zati esanguratsua osatzen dute[13][14]. Adarkaduraren teoriaren aldekoek kristau-herriaren hiru zatiketa nagusienekotzat jotzen dute protestantismoa, Erromatar Eliza Katolikoarekin eta Ortodoxiarekin batera.

Protestantismoaren adarkadura gizaldien buruan
  1. «protestantego» Orotariko Euskal Hiztegia. .
  2. (PDF) Pewforum: Grobal Christianity. .
  3. Christianity 2015: Religious Diversity and Personal Contact. gordonconwell.edu 2015ko urtarrila.
  4. «Protestantismo» Euskaltzaindiaren Hiztegia. .
  5. Dixon, Scott C.. (). Protestants: A History from Wittenberg to Pennsylvania 1517–1740. John Wiley & Sons ISBN 9781444328110..
  6. Faithful, George. (2014). Oxford University Press ISBN 9780199363476..
  7. Voerding, Philip. (2009ko abuztuaren 1ean). The Trouble with Christianity. AuthorHouse.
  8. Dixon, C. Scott. (2010eko uztailaren 16an). Protestants: A History from Wittenberg to Pennsylvania 1517–1740. John Wiley & Sons ISBN 9781444328110..
  9. Oxford Dictionary of the Christian Church (1974) art. «Speyer (Spires), Diets of»
  10. Watson, James. (2014ko ekainaren 24an). Religious Thoughts. iUniverse ISBN 9781491737590..
  11. Gassmann, Günther; Larson, Duane H.; Oldenburg, Mark W.. (2001eko apirilaren 4an). Historical Dictionary of Lutheranism. Scarecrow Press ISBN 9780810866201..
  12. Kuyper, Abraham. (1899ko urtarrilaren 16an). Calvinism. Primedia E-launch LLC ISBN 9781622090457..
  13. World Council of Churches: Evangelical churches: «Eliza ebanjelikoak esponentzialki hazi egin dira XX. gizaldiaren bigarren erdian eta bizi-bizirik jarraitzen dute, batez ere munduko hegoaldean. Susperraldi hau mendekostalismoaren egundoko hazkundeak eta higikunde karismadunaren agerpenak azal dezakete, ebanjelikalismoarekin estuki lotuta daudenak. Hala ere, ez dago zalantzarik ohitura ebanjelikoa berez mundu-mailako kristautasunaren osagai nagusietako bat bihurtu dena. Era berean, ebanjelikoak ohiturazko eliza protestante eta anglikanoetan aintzat hartzeko gutxiengoa dira. Afrika eta Latinoamerika lako eskualdeetan, «ebanjeliko» eta «historikoen» arteko mugak arin aldatzen dabiltza, eta eliza-errealitate berriei bide eman die.»
  14. Juergensmeyer, Mark. (2005). Religion in Global Civil Society. Oxford University Press ISBN 9780198040699..

Previous Page Next Page