Robert Strange McNamara (San Francisco, 1916ko ekainaren 9a - Washington Hiria, 2009ko uztailaren 6a) Estatu Batuetako politikaria izan zen. Kaliforniako unibertsitatean eta Harvard Unibertsitateko School of Bussines eskolan egin zituen ikasketak. Azken eskola horretan irakasle ere izan zen gero, 1940tik 1943ra bitartean. 1946an, Ford Motor Company enpresan sartu zen, eta lehendakariorde (1955-60) eta lehendakari (1960-61) izan zen. Alderdi errepublikarreko kide izan arren, Kennedy lehendakari demokratak defentsa-idazkari izendatu zuen 1960ko abenduan. Johnsonekin ere kargu berean jarraitu, eta Vietnamgo gerrako erasoaldiaren ardura izan zuen (1965-67). Bere estrategiak porrot egin ondoren, dimisioa aurkeztu zuen. 1968tik 1981era bitartean, Munduko Bankuko lehendakari izendatu zuten.