Saprobioa (edo saprofitoa) animalia, landare, onddo edo mikroorganismo bat da, hilda eta deskonposatzen dagoen landare- edo animalia-materia organikotik behar dituen mantenugaiak lortzen dituena. Hain zuzen ere, ia edozein materia organiko (karbonodun konposatu) degradatzeko gai dira, ondorioz naturako materia organikoaren degradazioaren eragile garrantzitsuenak dira saprobioak.[1]
Saprobioen artean bi azpitalde bereiz daitezke. Alde batetik nahitaezko saprobioak; hauek beraien bizi ziklo osoan zehar saprofistismoa erabiltzen dute bizi estrategia moduan. Bestetik aukerazko edo saprobio fakultatiboak aurki daitezke; hauek ez dute beren bizi ziklo osoan zehar estrategia hau jarraitzen eta beste bat erabiltzeko gai dira, honen adibide argiena bakterio batzuk dira.
Izaki hauen digestio prozesuaren hasieran, zelulek entzima batzuk askatzen dituzte xurgaturiko molekula organikoak hidrolizatzeko. Prozesu honen bidez, molekula solugarriak eskuratzen dituzte eta pareta zein mintz zelularra zeharkatzen dituzte osmosi bidez zelula barnera sartuz. Aipatu bezala, materia organikoaren degradatzaile garrantzitsuenak dira saprobioak, izan ere, ingurunera ioiak askatzen dituzte bakterioek erabil ditzaten eta elikagai zikloa berriro hasiz.
Onddoetan zentratuz, saprofitismoa darabilten organismoen barruan hainbat azpitalde aurki daitezke: Lignikolak (zuraz elikatzen direnak), Humikolak (lurzoruko elikagaiez) eta koprofitoak( gorotzetaz)
Mikrobiologian, saprobioak deskonposizioan dagoen materia organikoa degradatzen duten mikrobioak dira (lurzoruan edo uretan, adibidez), eta baita patogenoak ez diren eta gure mikrobiotaren partaideak direnak ere [2].