Serge Haroche (Casablanca, 1944ko irailaren 11) frantziar fisikaria da. 2012ko Fisikako Nobel Saria jaso zuen David J. Winelandekin batera banako sistema kuantikoak neurtzeko eta manipulatzeko aukera ematen duten esperimentazio metodo iraultzaileengatik.
Marokon jaio zen familia judu batean. 1956an Marokoko protektoratu frantsesaren amaierarekin familia Frantziara lekualdatu zen. CNRSn lan egin zuen 1967tik 1975era. 1975ean, Parisko Unibertsitateko irakasle postua onartu zuen, eta, aldi berean, beste erakunde batzuetan ere irakatsi du. 1994tik 2000ra École normale supérieureko Fisika saila zuzendu zuen. Bere lana fisika atomikoan eta optika kuantikoan zentratu zen.