Stephen Jay Gould (New York, 1941eko irailaren 10a - 2002ko maiatzaren 20a), paleontologo estatubatuarra, XX. mendeko zientzia-dibulgatzaile handienetarikoa eta Niles Eldredgerekin batera oreka puntuatuaren teoriaren egilea.
Paleontologoa ez ezik, geologoa eta zientziaren filosofoa zen, eta espezieen bilakaera eta determinismo biologikoaren gezurrak jendarteratzeko liburu askoren egilea izan zen. Antioch Collegen gradua lortu ondoren (1963), Columbiako Unibertsitatean paleontologiako doktoregoa atera zuen (1967). Harvard Unibertsitatean eskolak eman zituen 1967. urtetik aurrera. 1972an, American Museum of Natural Historyko Niles Eldridgerekin batera, oreka puntuatuaren teoria eboluzionista (puntualismoa) adierazi zuen (Darwinen teorien berrikuste bat), fosilen artean trantsizio-forma gutxi aurkitzen direlako gertaeratik abiatuta. Teoria gradualistan ez bezala, zeinaren arabera espezieak mailaz maila bilakatzen baitira denbora-bitarte luzetan, oreka puntuatuaren teoriaren arabera, espezie berrien sorreran gertatzen diren aldaketak azkar gertatzen dira, eta egonkortasun-aldi luzeak izaten dira gero. Goulden arabera, talde txiki bakartu samar batean, oso aldaketa azkarrak gertatzen dira ehunka urteko epean, baina gero egonkortu egiten dira, eta milioika urteetan ez da batere aldaketarik gertatzen. Gould oso ezaguna egin zen, bai teoria horregatik bai argitaratu zituen lan zientifiko eztabaidagarriengatik, batez ere Natural History aldizkarian hilero idazten zuen This View of Life (Bizitzaren ikuspegi hau) zutabearengatik.