Thomas Samuel Kuhn (1922ko uztailaren 18a – 1996ko ekainaren 17a) AEBetako pentsalaria izan zen, zientziaren filosofian ekarpen garrantzitsuak egin zituena. Ezaguna da The Structure of Scientific Revolutions (Iraultza Zientifikoen Egitura[1]) liburua idazteagatik, eta bertan paradigmaren aldaketa kontzeptua garatzeagatik.
Liburu horretan, Kuhn-ek esaten zuen zientziak ez duela aurrera egiten ezagutza berriak metatuz, baizik eta noiz edo noiz iraultzak -edo paradigma aldaketak- edukiz. Prozesu bizkor horietan, alor jakin bateko azterketa zientifikoa errotik aldatzen da. Honek eragin handia izan zuen zientziak bere buruari buruz zeukan ikusmoldean.