Trauma osteko estresaren nahasmendua (maiz, PTSD ingelesezko siglekin izendatua, euskarazko siglak: TOEN) antsietate-nahasmenduen taldearen barnean dagoen buruko gaitza da[1], askotan gertaera traumatiko batek sortua, adibidez sexu-eraso bat, gerra, trafiko-istripu bat, haur abusua, familia-indarkeria edo norberaren biziaren aurkako mehatxuen aurrean[2]. Adituek euskal gatazkak eragindako Iparreko sindromeaTOENtzat hartu dute[3]. Sintomen artean, honako hauek egon daitezke: gertaerekin lotutako pentsamendu, sentimendu edo amets asaldatzaileak, traumarekin lotutako seinaleen aurrean larritasun mentala edo fisikoa, traumarekin lotutako seinaleak saihesteko saiakerak, pertsonaren pentsatzeko eta sentitzeko moduaren alterazioak eta borrokarako edo ihes egiteko erantzunaren handitzea[4][5]. Sintoma horiek gertaera izan eta hilabete baino gehiago irauten dute, eta misofonia bezalako eragileak izan ditzakete. Haur txikiek joera txikiagoa dute nahasmendua erakusteko, baina, horren ordez, jolasaren bidez adieraz ditzakete beren oroitzapenak. TOEN duen pertsona batek bere buruaz beste egiteko eta nahita bere burua zauritzeko arrisku handiagoa du[6][7].
Gertaera traumatikoak pairatzen dituzten pertsona gehienek ez dute TOEN garatzen. Pertsonen arteko indarkeria jasaten duten pertsonek —bortxaketak, bestelako sexu-erasoak, bahiketak, jazarpena, bikotekidearen tratu txar fisikoak eta haurtzaroko abusuak— aukera gehiago dituzte TOEN bat garatzeko, erasoetan oinarritzen ez diren traumak jasaten dituztenek baino —istripuak eta hondamendi naturalak, esaterako—[8][9][10]. Trauma luzeak dituztenek, hala nola esklabotza, kontzentrazio-esparruak edo etxeko tratu txar kronikoak dituztenek, trauma osteko estres-nahasmendu konplexua (TOEN-K) gara dezakete. TOEN-K TOENen antzekoa da, baina erregulazio emozionalean eta pertsonaren oinarrizko identitatean eragin ezberdina du[11][12].
Prebentzioa posible izan daiteke aholkularitza sintoma goiztiarrak dituzten pertsonei zuzentzen zaienean, baina ez da eraginkorra traumen eraginpean dauden pertsona guztiei ematen zaienean, sintomak izan edo ez. TOEN duten pertsonentzako tratamendu nagusiak aholkularitza (psikoterapia) eta medikazioa dira[13]. SSRI or SNRI motako antidepresiboak dira TOENerako erabiltzen diren lehen lerroko sendagaiak, eta nahasmendua duten pertsonen erdiarentzat nolabaiteko hobekuntza dakarte. Medikazioaren onurak aholkularitzarekin ikusitakoak baino txikiagoak dira. Ez dakigu medikazioa eta aholkularitza batera erabiltzea bi metodoetako edozein bereizita erabiltzea baino onuragarriagoa den[14]. Botikek, SSRI edo SNRI batzuek izan ezik, ez dute proba nahikorik haien erabilera bermatzeko, eta, bentzodiazepinen kasuan, emaitzak okerragotu ditzakete[15][16].
Estatu Batuetan, helduen %3,5 inguruk izaten dute TOEN urte jakin batean, eta pertsonen %9k garatzen dute bizitzako uneren batean. Munduko gainerako leku gehienetan, urte jakin bateko tasak %0,5 eta %1 artekoak dira. Tasa handiagoak egon daitezke gatazka armatuko eskualdeetan. Ohikoagoa da emakumeetan gizonetan baino[17].
Traumekin lotutako buruko nahasmenduen sintomak dokumentatu dira, behintzat Antzinako Greziaren garaitik[18]. XVII. eta XVIII. mendeetan, gaixotasun post-traumatikoaren kasu batzuk dokumentatu dira, hala nola Samuel Pepysen egunerokoa, zeinak sintoma intrusibo eta larrigarriak deskribatzen baitzituen 1666ko Londresko sutearen ondoren. Mundu gerretan, hainbat terminorekin ezagutu zen gaitza, hala nola «gerrako neurosia», «gerrako nerbioa», neurastenia eta «borrokako neurosia»[19][20]. «Trauma osteko estres nahasmendua» terminoa 1970eko hamarkadan hasi ziren erabiltzen, hein handi batean Vietnamgo gerrako militar estatubatuar beteranoen diagnostikoek eraginda[21]. Ameriketako Psikiatria Elkarteak 1980an aitortu zuen ofizialki, Buru asalduren diagnosi eta estatistika eskuliburuaren (DSM-III) hirugarren edizioan.
↑American Psychiatric Association, ed. (2013). Diagnostic and statistical manual of mental disorders: DSM-5. (5th ed. argitaraldia) American Psychiatric Association ISBN978-0-89042-554-1. (Noiz kontsultatua: 2025-01-01).