Versaillesko Ituna Alemania eta Aliatuen artean Lehen Mundu Gerrari amaiera eman zion bake-hitzarmena izan zen, 1919ko ekainaren 28an Versaillesko jauregian sinatua. Benetako buruz buruko borrokaren bukaera ekarri zuen su-etena Compiègnen 1918ko azaroaren 11n sinatu arren, Parisko Biltzarrean bildutakoek sei hilabete behar izan zituzten bake hitzarmena gauzatzeko, 1920ko urtarrilaren 10ean sartu baitzen indarrean.[1]
Itunaren puntu nagusi eta eztabaidagarrien artean, gerra piztu izanaren erantzukizun osoa Alemaniari eta haren aliatuei leporatzea izan zen. Horrenbestez, 231-248 artikuluen arabera, herrialde horiek desarmatu, hainbat lurralde galdu eta kalteordainak ordaindu behar zituzten aurkarien mesedetan. [2] Ituna zailtasun handiekin bete zuten 1922tik aurrera eta erabat urratua izan zen Adolf Hitlerren etorrerarekin.
Alemaniak gerra ondorengo kalte-ordainak 1983an likidatuta zituen, baina ituna egin zenetik jasotako interesen ordainketa zela-eta, 125 bat milioi euro falta ziren oraindik. Interes horiek ez ziren ordaindu Alemania birbateratua izan arte, eta sekula ez zituztela ordainduko zirudien. Azkenik, Alemaniak, 2010eko urriaren 3an, zorra guztiz kitatuta utzi zuen.