World Wide Web (WWW) (edo soilik Web) haien artean loturik dauden hipertestu dokumentuen sistema bat da, Internet bidez atzigarria dena. Web-nabigatzaile bat erabiliz webguneak bistaratzen dira, eta haien web-orrietako esteken bidez nabigatuz bertako testuak, irudiak, bideoak edo bestelako multimedia-edukiak atzitu daitezke. Dokumentuak URI (Uniform Resource Identifier) baten bitartez identifikatzen dira.
Web-a 1990 aldera sortu zuten Geneva-ko (Suitza) CERN ikerketa-zentroan Tim Berners-Lee ingelesak eta Robert Cailliau belgiarrak. Orduz geroztik, buru-belarri aritu da Berners-Lee Web-erako estandarren garapena gidatzen (web-orriak sortzeko erabiltzen diren markaketa-lengoaien kasuan, adibidez); azken urteotan, Web Semantiko baten sorreraren alde lanean dabil.