2023ko Emakumezkoen Munduko Futbol Txapelketa Nazioarteko Futbol Federazioak lau urtean behin antolatzen duen Emakumezkoen Munduko Futbol Txapelketaren bederatzigarren edizioa da. Txapelketa Australian eta Zeelanda Berrian jokatzen ari da uztailaren 20a eta abuztuaren 20a bitartean. Edizio honetan nazioarteko 32 selekzio arituko dira lehian eta horrenbestez, ordura arte inoiz baino talde gehiagoren parteidetza izan duen munduko kopa da.[1] Gainera, herrialde bat baino gehiagoren artean egin den lehen edizioa ere bada.
Hasierako partida, Zeelanda Berriaren eta Norvegiaren arteko norgehiagoka, 2023ko uztailaren 20an jokatu zen Aucklandeko Eden Park estadioan eta etxeko taldeak lortu zuen garaipena bat eta hutseko emaitzarekin. Txapelketari amaiera ematen dion finalari dagokionez, Sydneyko Stadium Australia 2023ko abuztuaren 20an jokatuko da. Txapelketaren irabazleak talde fasea, final zortzirena, final laurdena, finalerdia eta finala gainditu beharko ditu. Ameriketako Estatu Batuetako selekzioak titulua defendatu beharko du aurreko bi edizioetako (2015 eta 2019) munduko txapeldun gisa.
Munduko txapelketa honetan hiru euskal jokalarik hartuko dute parte: Irene Paredes eta Oihane Hernandez Espainiako selekzioarekin eta Damaris Egurrola Herbehereetakoarekin.[1]