Anuar as Sadat[1] (arabieraz: محمد أنور السادات; Muḥammad Anwar as-Sādāt; Mit Abu l-Kum, 1918ko abenduaren 25a - Kairo, 1981eko urriaren 6a), egiptoar politikari eta militarra izan zen. Egiptoko Arabiar Errepublikako hirugarren presidentea izan zen, 1970eko urriaren 15etik 1981eko urriaren 6an erahil zuten arte.
Kargua Gamal Abdel Nasserengandik jaso zuen, hura hil ondoren, eta, oposiziorik gabe, hautatua izan zen 1974an eta 1978an. Azken hauteskunde horiek izan ziren 1979an multipartidismoa berriz sartu aurretik egin zirenak. Sadat 1981ean hil zuten, eta Hosni Mubarak-ek ordezkatu zuen lehendakari gisa, zein 2011 arte egongo zen karguan.
1977ko azaroaren 11n, Menahem Begin israeldar lehen ministroak formalki gonbidatu zuen Al Sadat Jerusalem bisitatzera. 1977ko azaroaren 19an, gaueko bederatzietan, Al Sadat Israelera iritsi zen, eta herrialde horretara zihoan lehen buruzagi arabiarra zen. Al Sadat zeremonia ofizial batean izan zen hartua, nahiz eta bi herrialdeek, formalki, gerran jarraitzen zuten. 1977ko azaroaren 20an, Al Sadat lehendakaria «Kneset»eko osoko bilkurara joan zen, eta Israelgo Estatua (baldintza jakin batzuetan) onartzeko konpromisoa hartu zuen. 1978an, beste topaketa bat izan zuen Israelgo lehen ministroarekin, Jimmy Carter presidente estatubatuarraren bidez, Israelekin bakea prestatzeko Camp Davideko bake-akordioetan, Menáhem Beginekin batera sinatuak. 1978an, Israelgo lehen ministro Menáhem Beginekin batera, Bakearen Nobel saria eman zioten Camp Davideko bake-hitzarmenengatik, Egipto eta Israelen artean negoziatutako bakea ekarri baitzuten. Gerraren eta bakearen heroi gisa gogoratzen dute bere herrialdean. 1981eko urrian, desfile militar batean, soldaduek nahita metrailatu zuten. Beste bertsio batzuek, berriz, diote desfileko kamioi bat atera egin zela desfiletik, eta handik granadak jaurti zituzten sei soldadu atera, eta lehendakaritzako palkora tiro egin zuten arma automatikoez. Beste bost pertsona hil ziren, besteak beste, Hassam Allan jenerala, eta beste 38 pertsona zaurituak gertatu ziren, tartean haren ondorengoa izango zen Hosni Mubarak ere.