Ariel Sharon (hebreeraz: אֲרִיאֵל שָׁרוֹן, arabieraz: أرئيل شارون, Ariʼēl Sharōn; Kfar Malal, 1928ko otsailaren 26a - Tel Aviv, 2014ko urtarrilaren 11) israeldar politikari eta militarra izan zen. Lehen Ministroa izan zen 2001eko martxotik 2006ko apirilera arte, nahiz eta 2006ko urtarrilaren 4tik aurrera, Ehud Olmert Lehen Ministrordeak postua hartu zuen, Sharonek odol isuri handia izan zuelako. Handik aurrera, koman egon zen, 2014ko urtarrilean hil zen arte[1].
Bere ibilbide politiko luzean zehar, bai Israelen, bai kanpoan, polemikak piztu zituen. Israelen segurtasuna ahuldu gabe, bakea lortzen ahalegintzen zen lidertzat jotzen zuten aldekoek. Israeldar askoren iritziz, borroka latzetan herrialdea defendatu zutenetakoa izan zen. Palestinar frankorentzat, berriz, 1982an Beirut inguratu zuen odolzalea eta Sabra eta Xatila sarraskiaren erantzulea zen[2].