Arkimedes | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Ἀρχιμήδης |
Jaiotza | Antzinako Sirakusa, K.a. 287 |
Herrialdea | Antzinako Sirakusa |
Bizilekua | Sirakusa |
Heriotza | Antzinako Sirakusa, K.a. 212 (74/75 urte) |
Heriotza modua | giza hilketa |
Familia | |
Aita | Fidias |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | antzinako greziera |
Jarduerak | |
Jarduerak | matematikaria, fisikaria, astronomoa, asmatzailea, military engineer (en) , filosofoa eta ingeniaria |
Lan nabarmenak |
Arkimedes (antzinako grezieraz Ἀρχιμήδης Arkhimḗdēs; αρχι (archi) (lehentasun, gailentasun) eta Ημαδομαι (emadomai) (kezkatu), beraz: kezkatzen dena; Sirakusa, Sizilia, K.a. 287 - Sirakusa K.a. 212) matematikari, fisikari eta ingeniari, asmatzaile eta astronomo greziarra zen. Antzinaroko zientzialari eta matematikari garrantzitsuenetakotzat jotzen da, besteak beste, Fisikari (mekanika estatikoaren eta Hidrostatikaren sortzailea izan zen, eta bere izena daraman printzipioa enuntziatu zuen); Matematikari (geometria infinitesimalaren hastapenak garatu zituen; zirkuluaren geometriari ekarpen esanguratsua egin zion (π zenbakiaren kalkulu nahiko zehatza egin zuen, eta zenbaki-sistema greziarra hobetu zuen) eta Mekanikari (palankaren printzipioa, polea, Arkimedesen torlojua, trakzio-makinak, gerra-makinak... egin zituen) egin zizkion ekarpen esanguratsuengatik. Esperimentu modernoek frogatu dutenez, Arkimedesek itsasontzi etsaiak uretatik ateratzeko edo su emateko gai ziren makinak diseinatu zituen ispilu batzuk erabiliz[1].
Arkimedes antzinako eta, oro har, historia osoko matematikari handienetako bat izan zela uste da[2][3]. Metodo zehatza erabili zuen parabola baten arkuaren azpiko azalera serie infinitu baten batukariarekin kalkulatzeko, eta pi zenbakiaren hurbilketa oso zehatza egin zuen[4]. Bere izena daraman kiribila; biraketa-gainazalen bolumenetarako formulak, eta zenbaki oso luzeak adierazteko sistema burutsu bat ere definitu zituen.
Arkimedes Sirakusako setioan hil zen (K.a. 214-212), erromatar soldadu batek hilda, nahiz eta inolako kalterik ez egiteko aginduak egon.
Bere asmakizunak ez bezala, Arkimedesen matematikako idazkiak ez ziren oso ezagunak izan antzinatean. Alexandriako matematikariek irakurri eta aipatu zituzten, baina bere obraren lehenengo konpilazio integrala Isidoro Miletokoak egin zuen K.o. 530. urte inguruan. Eutociok VI. mendean idatzitako Arkimedesen obren iruzkinek publiko zabalago bati ireki zizkioten lehen aldiz. Erdi Aroan bizirik iraun zuten Arkimedesek idatzitako lan gutxi batzuk ideia-iturri garrantzitsua izan ziren Pizkundean[5]; 1906an, berriz, Arkimedesen lan ezezagunak aurkitu ziren Arkimedesen Palimpsestoan, eta horrek emaitza matematikoak nola lortu zituen ulertzen lagundu du[6].