Begetarianismoa | |
---|---|
Definizioa | Landare-oinarriko elikatze-modua, arrautza eta esnekiekin edo gabe |
Aldaerak | obolaktobegetarianismoa, flexitarismoa, frugiborismoa, beganismoa, krudibegetarianismoa |
Begetarianismoa animalia-haragia (behi, txerri, oilo, arrain edo besteena) baztertzen duen elikatze-modua da[1], eta dieta malguenetan, animalia-jatorrikoak izanik ere, esnekiak, arrautzak edo eztia onartzen dituena[2]. Begetarianismo barruan kontzepzio eta planteamendu desberdinak ematen dira baina, Mendebaldean, animaliekiko errespetuan oinarritzen dira. Begetarianismoa jarraitzen dutenei begetariano[3] edo barazkijale[4] deritze.
Begetarianoek ez dute animalien erabilera onartzen ez jateko ez eta dibertsio iturri moduan ere. Dena dela, badira bizimodu hori osasun argudioengatik hartzen duten begetariano asko, beste konnotaziorik gabe. Beste hainbat kasutan erlijio arauak egon daitezke horren jatorrian. Esaterako, budismoaren eta jainismoren aginduetan animaliekiko errespetua ezinbestekoa da eta horren ondorioz ez dute animaliarik jaten. Mendebaldeko gizarteetan begetarianismoa gehiago lotzen da ideologia ekologistekin edo animalien defentsarako ideologiekin.