Bruce Willis (Idar-Oberstein, Mendebaldeko Alemania, 1955eko martxoaren 19a) aktore erretiratua da. Zinema ekoizlea eta musikaria ere izan da. Estatubatuar nazionalitatea du.
Moonlighting (1984-1989) komedia eta dramazko telesailean Cybill Shepherd aktorearekin batera protagonista izanik, mundu osoan ospetsu bilakatu zen. Die Hard film seriean (1988–2013) John McClane pertsonaiaren rola jokaturik, ospe handia hartu zuen akzioko aktoretzat.
2022ko martxoan bere familiak jakinarazi zuen Bruce Willisek afasia zuela, hizkuntza nahaste neurologiko bat, eta beraz bere ibilbide zinematografikoa behin betiko uzten zuela. 2023ko otsailaren 16an familiak bere argazki bat zabaldu zuen eta diagnostiko zehatzagoa zutela jakinarazi zuen: dementzia frontotenporala[1].