Charles Edward Anderson Berry (Saint Louis, Missouri, 1926ko urriaren 18a - St. Charles, Missouri, 2017ko martxoaren 18a), Chuck Berry ezizenaz ezagunagoa, estatubatuar musikagile, gitarrista eta abeslaria izan zen, rock and rollaren historiako garrantzitsuenetakoa.
Rock and roll musikan rhythm and bluesa sartu zuen lehen musikarietako bat izan zen, eta Rock and rollaren errege deitu zuten, eragin handia izan zuelako estilo horren hasieran. 1950eko hamarkadan, Roll Over Beethoven, Rock and Roll Music, Johnny B. Goode eta Maybellene abesti ospetsuak sortu zituen. Haren diskoen artean, aipatzekoak dira Chuck Berry’s Greatest Hits (1964), Golden Decade (1967) eta Chuck Berry at the Filmore Auditorium (1967). 1984an Grammy saria eman zioten eta 1989an bere autobiografia argitaratu zuen[1]. Rolling Stone aldizkariak bosgarren postuan jarri zuen Historiako 100 artista handienen zerrenda-n, The Beatles, Bob Dylan, Elvis Presley eta The Rolling Stonesen atzean[2].