Demeter | |
---|---|
Antzinako Greziako erlijioa eta Greziar mitologia | |
Ezaugarriak | |
Sexua | emakumezkoa |
Bizitokia | Olympus (en) |
Baliokideak | Zeres |
Domeinua | lurzorua, ugalkortasuna eta nekazaritza |
Familia | |
Aita | Kronos |
Ama | Rea |
Bikotekidea(k) | Carmanor (en) , Zeus eta Poseidon |
Seme-alabak | Pertsefone, Pluto, Amphitheus (en) , Calligeneia (en) , Arion (en) , Despoina (en) , Philomelus (en) , Eubuleus (en) , Chrysothemis (en) , Dmia (en) eta Hekate |
Anai-arrebak | Hestia, Hades, Zeus, Poseidon eta Hera |
Greziar mitologian, Demeter[1] (grezieraz Δημήτηρ edo Δημητρα; euskaraz, ‘ama-jainkosa’ edo agian, ‘ama banatzailea’, indoeuropar erro honetatik:*dheghom *mater) labore eta ugalkortasunaren olinpiar jainkosa izan zen. K.a. VII. mendeko Himno Homerikoetan urtaroen ekartzaile moduan babesa eskatzen zioten[2].
Uztaren babeslea eta soroen ugalkortasunaren jainkosa, landareak jaiotzea eta birsortzearen arduraduna. Persofone alabarekin batera., Helade osoko jainko-jainkosa zaharrenetakoa eta garrantzitsuenetakoa izan zen, eta gurtza jaso zuen leku askotan, Eleusis izan zelarik gune nagusia, Eleusiseko Misterioak bertan ospatzen baitziren.[3]
Alaba Pertsefone zuen eta erromatar mitologian Zeres bere baliokidea izan zen. Demeterri genealogia bat eman zitzaionean, Kronos eta Rea (edo Gea Homerorentzat) titanen alaba zela esan zen, beraz, Zeusen arreba zaharrena eta emazte gisa ere agertzen da testu batzuetan[4]. Bere emakume apaizei Melisak deitzen zitzaien.
Sarritan nahasten da Demeter bere amona Gearekin eta bere ama Rearekin. Jainkosaren epitetoek azaltzen dute haren funtzio zabalak. Demeter eta Pertsefoneri (lurrazpiko Andrea, et Kore ere deitua) "bi jainkosak" edo "bi legegileak" esaten zieten.[5] Posible da Kreta minoiko garaiko jainkosen kultuekin lotura izatea.
Homerok laboreen jainkosa dela esaten du, eta Filace eta Pirason ( biak Tesalian) gurtza jasotzen duela. "Kiribil ederren Andrea" eta "Ilehori" ere deitzen dio, dirudienez gariaren kolorea delako[6].
Ama Lurrarekin duen erlazioa zalantzan jarri da, baina ez bere lotura Azpimunduarekin.