Dominoa zenbakidun bi karratuz osaturiko piezez jokatzen den mahai-jokoa da. Jokatzeko erabiltzen diren pieza horien multzoa izendatzeko ere erabiltzen da domino hitza. Bertsio ohikoenean, 28 piezak osatzen dute dominoa: pieza bakoitzak 0tik 6rako puntu-kopuru bana erakusten du bi karratuetan (0-0, 0-1, ..., 0-6, ..., 2-0, ..., 2-6, ..., 6-6), puntu kopuruak errepikatuz, baina ordena kontuan hartu gabe (1-3 eta 3-1 puntuekin pieza bakarra dago). Badira 55 eta 136 piezako aldaerak, 0tik 9ra eta 0tik 12ra doazenak, hurrenez hurren.[1]
Jokatzeko era anitz dago, baina gehienetan jokalariei pieza kopuru bat banatzen zaie eta txandaka mahai-gainean piezak jartzen joaten dira, bata bestearen ondoan, jartzen duten piezako zenbakia mahaiko piezen multzoko muturretako zenbaki berdin batekin lotuz; azkenean, piezarik gabe geratzen den jokalariak irabazten du.
Dominoa aski hedatua den jokoa da, eta federazioak eta lehiaketa ofizialak existitzen dira.