Eguzki-energia

Eguzki energi "zelaia" Monte Alton (Milagro. Nafarroa)

Eguzki-energia eguzkitik Lurrera erradiazio elektromagnetiko itxuran iristen den energia mota da. Eguzkia energi-iturri agortezina eta berriztagarria da. Gizakiak zeharka erabiltzen du batez ere (adibidez, eguzkiaren energiari esker hazten diren landareen bidez); edo, berriztagarriak ez diren sistema industrialak erabiliz, energia termikoa edo elektrizitatea sortzeko.

Eguzkiaren erradiazioaren indarra latitudea, eguraldia eta eguneko orduaren arabera aldatzen da, eta baldintza egokiak ematen badira 1.000 W/m² ingurukoa da.

Eguzki energiaren irradiazio bero eta argiari, onura atera izan dio gizakiak antzinako garaietatik, etengabe garatu diren teknologia ezberdinak baliatuz.

Eguzki irradiazioa, eguzki energiaren eraginez sortutako bigarren mailako energia iturriekin batera; eolikoa, olatu energia, energia hidroelektrikoa eta biomasa, Lurrean eskuragarri dauden energia berriztagarrien zatirik handiena da. Hala ere, eguzki energia baliagarriaren zati txiki bat besterik ez da erabiltzen.

Eguzkiak eragindako energia sorkuntza, zibilizazio industrialean, aparatu termiko eta fotovoltaikoen bidez egiten da. Aparatu horietarako lehengaiak lurpetik ateratzeko, lehengai horiek prozesatuta aparatuak fabrikatzeko, eta aparatu horien mantentze lanetarako eragiketak kutsagarriak dira, eta baliabide ez-berriztagarriak erabiltze dituzte. Beste erabilera batzuen adibideak: eguzki-arkitektura bidezko berotze eta hozte sistemak, ur edangarria distilazioz eta desinfekzioz eskuratzea, argi naturala, ura berotzea, eguzki-sukaldea eta industri erabilpenerako berotze prozesuak.

Eguzki-teknologien sailkapenean, eguzki energia jasotzeko, bihurtzeko eta banatzeko duten moduaren arabera sistema aktibo edo pasiboak bereizten dira. Sistema aktiboek, eguzki energiari onura ateratzeko panel fotovoltaikoen eta eguzki kolektore termikoen beharra dute, hau da, beste jatorria duen energia gastu bat dute. Sistema pasiboek aldiz, ez dute kanpo energiarik erabiltzen. Eguzkira bideratutako eraikuntzak, masa termiko egokiko edo argia barreiatzen duten materialen hautaketa edo aireak bakarrik zirkulatzen duen inguruneen diseinua lirateke adibide batzuk.


Eguzki-energia

Dodaje.pl - Ogłoszenia lokalne