Elkarri elkarrizketaren eta akordioaren aldeko gizarte mugimendua izan zen, 1992ko abenduaren 20an sortua eta 2006an desegina. Euskal Herrian «gatazka politikoari irtenbide baketsua eta elkarrizketaren bidez adostua» eman nahi zion, horretarako gizartearen inplikazioa eta parte hartzea bultzatuz. Hiru oinarri hartu zituen horretarako: bizitza eskubidea, bazterketarik gabeko elkarrizketa eta blokeo, beto eta indarkeriarik gabeko egoera bermatzea. Jonan Fernandez izan zen koordinatzaile, eta Bittor Aierdi bozeramaile. Beste kide ezagunen artean Gorka Espiau eta Aintzane Ezenarro (aldizkariaren arduradun) egon ziren. Maixux Rekalde izan zen Elkarriko presidentea[1].
2006ko martxoaren 12an Elkarrik bere jarduera betetzat eman zuen, eta harengandik sortu zen Lokarri gizarte mugimendua: akordioaren, kontsultaren eta berradiskidetzearen aldeko herritarren sarea.[2]