Emakume Abertzale Batza | |
---|---|
Buruzagia | Karmele Errazti |
Sorrera | 1922 |
Egoitza nagusia | Bilbo |
Ideologia politikoa | Eusko abertzaletasuna |
Emakume Abertzale Batza (EAB) 1922an Bilbon sortutako EAJko emakumeen elkarte nazionalista da. Karmele Errazti izendatu zuten presidente, baina lehen aldi honetan 17 hilabete besterik ez zuen iraun[1], Miguel Primo de Riveraren diktadura-aldian legez kanpo utzi eta desagertu egin baitzen. Elkarte hau sortzeko jadanik Irlandan zegoen Cumann na mBan elkartean oinarritu ziren.[2]
1931n berragertu zen, berezko autonomia lortu eta Hego Euskal Herri osora zabaldu zen. "Jaun-goikoa eta Lagi-Zarra" (JEL) eta euskara zituzten helburu; gizonezkoek gidaturiko lanaren menpeko ikusten zuten beren egitekoa. Irakaskuntza eta heziketa alorrean egindako lanaz gain (ikastola eta haurtzaindegietan bereziki), propaganda eta gizarte-arazoak arintzen saiatu ziren. Jarduera honen emaitza, eta Euzko Gaztedijarekin (EGI) batera, Euzko Irakasle Batza eta Euzko Ikastola Batza sortu ziren (1932).[2][3]
Elkartearen indarra eta eragina handiak zirenean, Espainiako Gerra Zibila piztu zen eta frankistek gogor zapaldu zituzten. Gerra ondoren, kide asko erbesteratu egin ziren eta euskal errefuxiatuei eman beharreko laguntza prestatu zuten.
EABko kide ospetsuak izan ziren Karmele Errazti, Polixene Trabudua, Haydée Agirre, Maria Teresa Zabala, Julene Urzelai, Sorne Unzueta, Robustiana Mujika Egaña eta Elbira Zipitria.