Energia eolikoak haizearen energia aprobetxatzen du, aerosorgailuen bitartez energia mekanikoa eta elektrikoa sortzeko. Hainbat arlotan erabil daiteke, eta soberan geratzen den energia biltegiratzeko ahalmena dago.
Haize-energiaren erabilera oso sinplea da. Eguzkiak Lurra berotzen du, baina lurrazalaren forma irregularren eraginez, tenperatura desberdineko aire-masak sortzen dira, hots, dentsitate eta presio desberdinekoak. Desberdintasun horiek alde baterako eta besterako korronte horizontalak sortzen dituzte: haizea, alegia. Haize horren abiadurak (energia zinetikoa) higiaraziko ditu bere bidean jarritako errotaren palak.