Eric Patrick Clapton Shaw (Ripley, Surrey, Ingalaterra, 1945eko martxoaren 30a) rock eta blues gitarra-jotzaile eta abeslari ingelesa da. Slowhand ezizenez ezagutzen dute, euskaraz "esku motela" esan nahi duena.
Eric Claptonek The Yardbirds, The Bluesbreakers, Cream, Blind Faith, Delaney & Bonnie eta Derek & The Dominos taldeetan jo du, eta gaur egun bakarlari bezala jotzen du. Gogokoen duen gitarra elektrikoa Blackie izeneko Fender Stratocasterra da. Berak eraiki zuen hainbat stratocastersen piezekin.
Bere azken lanetan Robert Johnson blues musikaria omentzen du, bere musika ibilbidearen eragile handientzat dauka.
Rolling Stone aldizkariak Garai guztietako 100 gitarra-jotzailerik onenen zerrendan 4. postuan jarri zuen, eta 53. postuan "100 Artista Handienen zerrendan".[1] Rockaren Ospearen Aretoko kide da Clapton, hiru aldiz; Creamek eta The Yardbirds-eko kide izateagatik eta bakarkako ibilbideagatik.
Bere musika-estiloak hainbat aldaketa izan ditu ibilbidean zehar, baina bere erroak beti izan dira lotuta bluesarekin. Berritzailea izan da bere ibilbideko hainbat etapatan: blues rocka eginez John Mayall's Bluesbreakers eta The Yardbirds taldeekin, eta rock psikodelikoa Cream taldearekin. Horrez gain, hainbat estilo jo ditu bakarkako etapan; Delta blues Me and Mr. Johnson abestiarekin, pop "Change the World" abestiarekin edo reggae Bob Marley-ren "I shot the Sheriff" abestiaren bertsioan. Ziurrenik arrakasta handiena Layla abestiarekin lortu zuen, Derek and the Dominos taldearekin ibili zenean.
1999. urtean Crossroads Guitar Festival sortu zuen. Kontzertu benefiko modukoak dira, eta Crossroads Centre izeneko drogazaletasunaren tratamendurako zentrorako dirua biltzen dute Antigua uhartetik.