Erle | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Arthropoda |
Klasea | Insecta |
Ordena | Hymenoptera |
Baliorik ez | Anthophila Latreille, 1804 |
Familiak | |
Antofiloak (grekeraz: "loreak maitatzen dituztenak") edo erleak intsektu himenopteroen talde bat dira, Apoidea superfamiliaren barruan kokatzen direnak, baina ez inolako kategoria taxonomikoan. Erleek 20.000 espezie inguruko talde monofiletikoa osatzen dute. Iñurriek bezala, liztorretatik eboluzionatu zuten. Erleen arbasoak Crabonidae familiako kideak dira, eta intsektuen harrapakariak dira. Baliteke lehen erleak harrapakinen gaineko polen-aleez elikatu izana, eta haien kumeek apurka-apurka intsektuak harrapatzeari utzi eta polen-aleez elikatzen hastea.[1]
Erle-espezie asko oraindik ez dira identifikatu. Kontinente guztietan aurki daitezke, Antartikan izan ezik. Izan ere, magnoliofitoak edo angiospermoak diren loredun landareak hazten diren habitat guztietan aurkitzen dira. Polen eta nektarrez elikatzeko moldatuta daude. Gehienetan, polena larbak elikatzeko erabiltzen dute, eta nektarra, berriz, energia-material gisa. Espezierik ezagunena etxe-erlea edo erle arrunta da (Apis mellifera). Intsektu sozialak dira, hiru indibiduo klasek (erreginak, langileak eta erlamandoak) osatzen duten erladi deritzen kolonietan[2] bizi direnak. Langileak arduratzen dira koloniako eginkizun guztiez: habia eraiki, mantendu eta egurastu, janari bila joan, eta erregina etengabe erruten dituen arrautzak zaintzeaz.[2] Atezaintzaz ere arduratu behar dira; hori da erle langile gazteen (atezainen) azken egitekoa erlauntzez kanpoko lanetan hasi aurretik. Erladiaren zaintza dute helburu edozein eraso edo lapurretaren aurka.[3]
Hala ere, erle-espezie gehienak bakartiak dira, hau da, ez dute koloniarik osatzen. Erle bakartiak etxe-erleak ez bezala, bakarka bizi diren erleak dira. Edonork ikusi ditu erle bakartiak leiho-zuloan sartu-irtenean, sarritan beren gorputza polenez beteta. Beren habia indibiduala hosto, lurrez edo, egiten dute, errundako arrautzaren ondoan janaria ipiniz. Larbak handik jan eta jaioko da berak ere bizitza bakartia eramanez. Uste da Europan bakarrik 2.000 espezie edo badirela eta 20.000tik gora munduan.[3]
Erle erdisozialen talde bat ere badago, koloniak eratzeko ahalmena duena, adibidez, erlastarren taldea. Hala ere, erle erdisozialek osatzen dituzten koloniak ez dira etxe-erlearenak bezain handiak eta iraunkorrak.
:02
izeneko erreferentziarako