Errolanen kantua, frantsesez La Chanson de Roland, frantsesezko literaturako lan nagusia da. Frantses zaharrez idatzitako poema epiko bat da, Erdi Aroko egitandi kanta heroiei buruzko poemen artean zaharrena eta ezagunena. Turold izeneko pertsonaia batek ustez idatzia, poemaren azken lerroak honela baitio: Ci falt la geste que Turoldus declinet. XI. mende bukaeran idatzia bada ere, hiru mende lehenagoko, 778. urteko Orreagako gudua alegiaz kontatzen du.
XII. mendetik XIV. mendera zabalkunde oso handia izan zuen Frantziako Erresuman, baina baita handik kanpora ere, bereziki Donejakue bideko eraikinetako ikonografian. Geroztik, XIX. mendean, Frantziaren historiografian berpiztu egin zuten 1877tik aurrera, frantsestasunaren sinbolo goren bihurtuta eta nahitaezko hezkuntza ezarri berrian historian irakatsia. Euskal mitologian aztarna utzi zuen, Errolan pertsonaia mitologiko indartsuan hezurmamitua.