Euskararen Nazioarteko Eguna

1949ko Euskararen Eguneko idatzia. / Iturria: Eusko Ikaskuntza via Alea.eus[1].
Erbestetik, Eusko Jaurlaritzak Parisetik argitaratutako Euzko Deya egunkaria (1949).

Euskararen Nazioarteko Eguna, ENE, euskararen aldeko ospakizun eguna da, abenduaren 3an[2] egiten dena, Frantzisko Xabierkoaren egunean; izan ere, Frantzisko 1552ko abenduaren 3an hil zen Shangchuan uhartean, euskara zuen berezko hizkuntza eta, kondairak dioenez, hil aurreko azken hitzak bere ama-hizkuntzaz eman zituen, euskaraz.

1930ean Eusko Ikaskuntzak ezarri zuen, euskararen nazioarteko egun gisara. Lehen ospakizun egun horrek “lotsa handia litzateke guk, Euskaldunok, geure hizkuntza galtzen ikustea” izan zuen goiburu.[3] Espainiako Gerra Zibilaren ostean, 1949an berpiztu zen, Buenos Airesko Laurac Bat elkartean eta, besteak beste, mundu osoko euskaldunei euskara landu eta sendotzeko laguntzak eskatzen zizkieten. Frankismo garaian, Ipar Euskal Herrian eta Amerikako zenbait lekutan soilik ospatzen zen, Espainiako diktadurako zentsuraren ondorioz. Egunaren sustatzaile nagusi aritu ziren Manu Sota, Manuel Intxausti, Telesforo Monzon, Piarres Lafitte, Louis Dassance eta Jean Saint-Pierre.[4]

1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu zuten. 2024an, Euskararen Nazioarteko Eguna giro berezian igaro zen, EAEko erakunde publikoetan euskararen erabilera bermatzearen kontrako epaien segida luze bat zela eta, Oldarraldia deitu izan zena.[5][6]

Euskararen Egunak hainbat izen izan ditu. Lehen edizioan, Eskuararen Eguna erabili zen eta ondorengo urteetan, Euzkararen eguna edo Euzkara Eguna (garai hartan euskara hitzak eguzki hitzarekin lotura etimologikoa zuela uste zen, hortik geroago baztertutako *euzkara, *euzko eta Euzkadi). Egun, Euskararen Eguna edo Euskararen Nazioarteko Eguna esaten zaio[1].

  1. a b «Zergatik ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an?» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-03).
  2. «Zergatik ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an?» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-12-02).
  3. PAGOLA, Rosa Miren. «Euskararen Eguna eta Eusko Ikaskuntza» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-03).
  4. SL, TAI GABE DIGITALA. (2024-12-01). «Manu Sota eta Euskararen Nazioarteko Eguna» naiz: (Noiz kontsultatua: 2024-12-03).
  5. «Politika publiko «ausartak» eskatu dituzte eragileek Euskararen Egunean» Berria 2024-12-03 (Noiz kontsultatua: 2024-12-04).
  6. SL, TAI GABE DIGITALA. (2024-12-02). «Euskararen aurkako oldarraldia, gero eta bortitzagoa» naiz: (Noiz kontsultatua: 2024-12-03).

Euskararen Nazioarteko Eguna

Dodaje.pl - Ogłoszenia lokalne