Euzko-gogoa | |
---|---|
Mota | Literatura bihilabetekaria |
Fitxa teknikoa | |
Hizkuntza | Euskara |
Argitaratze lekua | Guatemala (1950)-(1955) Biarritz (1955)-(1959) |
Argitaletxea | Liceo Lindeaga |
Banaketa | |
Ekoizpen osoa | 44 |
Banatze-eremua | Guatemala (1950)-(1955) Ipar Euskal Herria (1955)-(1959) |
Historia | |
Ideologia | Abertzalea |
Sortzailea | Jokin Zaitegi |
Zuzendaria | Andima Ibiñagabeitia |
Erredaktoreak | Nikolas Ormaetxea Orixe |
Euzko-Gogoa Jokin Zaitegik 1950ean, Guatemalan, sortutako iritzi eta literaturari buruzko euskarazko aldizkaria izan zen.[1]
Zaitegik Nikolas Ormaetxea Orixe Guatemalara deitu zuen aldizkariaren argitalpenean lagun ziezazion. Orixe aldizkariko idazkaria izan zen 6 hilabetez (1950). Ondoren Zaitegik beste lagun bati deitu zion, Parisen erbesteratutako Andima Ibiñagabeitiari hain zuzen ere. Ibiñagabeitia ez zen 1954. urtera arte heldu eta bertan aritu zen Guatemalan inprimatutako azken zenbakira arte. Zaitegik 1955. urtean Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen eta hurrengo urtetik aurrera aldizkaria Biarritzen prestatu eta kaleratzen zen. Hortaz, aldizkariak bi epe izan zituen: Guatemalako aldia, 1950-1955 urteen artekoa, eta Biarritzeko aldia, 1956-1959 urteei dagokiona.
Bi hilabetez behin argitaratu eta Iparraldera bidaltzen zen, eta handik euskal erresistentziak Hegoaldera pasatu eta banatzen zuen, aldizkaria legez kanpokoa baitzen estatu espainiarrean.
Aldizkariak gorabeherak izan zituen argitaratzeari dagokionez, zeren berau finantzatzeko Jokin Zaitegik bere ondasun apurrak erabiltzen baitzituen. 1953an, esate baterako, ez zen alerik argitaratu. Guztira, 44 zenbaki argitaratu zituen Euzko-Gogoak 1950etik 1959ra (azken zenbakia urte horretakoa da nahiz eta inprimategitik 1960ko uztailean atera), eta 3.658 orrialde, bi tamaina erabat desberdinetan.