Gona edo, Ipar Euskal Herrian, zaia gerritik behera, bi hankak batera baina ez osorik estaltzen dituen jantzi unisexa da. Hainbat ehunetan egina, forma zilindrikoa edo tronko-konikoa izaten du, eta prakak ez bezala, ez dago zatituta. Hedaduraz, gonak ere esaten zaie ohatila edo sehasketatik zintzilik dauden oihalei.
Kultura europarrean emakumezkoen jantzitzat hartzen bada ere, Eskozian, kilt izeneko gona gizonek janzten dute. Halaber, Jean-Paul Gaultier moda-diseinatzaileak gizonezkoentzako gonak erakutsi izan ditu bere erakustaldietan.
Bere bertsio errazenean, oihal zati bat gerriraino biltzea izan daiteke (pareo, sarong), nahiz eta gona gehienak gerrian estuak izan eta jaitsi ahala zabalagoak diren. Garaiaren, modaren eta eramaten duenaren gustuaren arabera, gonaren luzera gerriko bat baino pixka bat gehiagokoa izan daiteke, lurreraino irits daiteke eta tarteko beste edozein neurri har daiteke.