Gripea edo influentza influenzavirus-ak eragindako gaixotasun infekziosoa da (jatorri birikoa)[1]. Influenzavirusa RNA motako birusa da eta Orthomyxoviridae familiaren barruan sailkatzen da[2].
Sintomak arinak edo larriak izan daitezke[3]. Sintomarik ohikoenak sukar altua, mukia sudurrean, eztarri minbera, giharretako mina, buruko mina, eztula eta nekea dira[1]. Sintoma hauek, tipikoki, birusarekin kutsatu eta bi egunera hasi ohi dira eta, normalki, astebete baino gutxiago irauten du[1]. Eztulak, hala ere, bi aste edo gehiago iraun ditzake[1]. Umeengan goragalea eta botaka gerta daiteke, baina ez da ohikoa helduengan[4]. Goragalea eta botaka egitea ohikoa izan daiteke gastroenteritisa aldi berean ematen bada; honi, askotan, "urdaileko gripea" edo "24 orduko gripea" deitzen zaio, baina izen okerra da[4].
Gripea dutenak, orokorrean, egun gutxi batzuen epean sendatzen dira, baina zenbait kasuetan gaixotasuna larritu daiteke eta hilgarria izatera ere iritsi daiteke[5], batez ere, ume txikietan, haurdun dauden emakumeetan, adin handiko helduetan eta sistema immunitarioan afekzioak dituzten pertsonetan, besteak beste[6]. Hortaz, gripearen ondorioz ager daitezkeen arazoen artean aurki daitezke: birusek sortutako pneumonia, bakterioek sortutako pneumonia, sinusitisa, eta lehenago existitzen ziren beste osasun-arazo batzuen areagotze, batez ere asma edo bihotz-gutxiegitasuna[3][7].
Pertsonengan eragina duten gripe birus motak A Mota, B Mota eta C mota deitzen dira[7]. Normalki, birusa airetik hedatzen da eztul eta doministikuen bidez[1]. Uste denez, distantzia laburretan gertatzen den kutsatzea da[8]. Birusak dituzten gainazalak ukitzen ere hedatu daiteke, ondoren ahoa edo begiak ukitzen baditugu[3][8]. Pertsona batek beste norbait kutsatu dezake sintomak erakutsi aurretik eta bitartean. Kutsatzea eman den edo ez ikus daiteke eztarria, txistua edo sudurrak aztertuz. Test azkar batzuk eskuragarri daude; hala ere, aukerak daude kutsakorrak izateko test horietan emaitza negatiboa lortuta ere. Birusaren RNA detektatzen duen polimerasa bidezko kate-erreakzio bat erabiltzea zehatzagoa da.
Eskuak ondo garbitzeak birusaren hedapena aukerak murrizten ditu. Aurpegi-babesa eramatea ere erabilgarria da. Arrisku larrian egon daitezkeenentzat Munduko Osasun Elkarteak urteroko gripearen aurkako txertoa gomendatzen du. Txerto hau efektiboa da gripearen hiru edo lau moten aurka. Normalki ondo toleratzen da. Txertoa urtero egiten da, eta urte batean sortutakoa ez du zertan izan behar baliagarria hurrengo urtean, birusen eboluzioa oso azkarra baita. Birusen aurkako sendagaiak, adibidez oseltamivir neuroaminidasa inhibitzailea erabili izan dira gripea tratatzeko. Bestelako osasun arazorik ez duten gaixoengan sortzen dituen onurak ez dira sortzen dituen kalteak baino handiagoak. Bestelako osasun arazoak dituzten pertsonengan ez du hobekuntzarik ematen. Antibiotikoak erabilgarriak dira soilik, bakterioekin koinfekzio bat baldin badago[6].
Gripea mundu osoan zehar hedatzen da urteroko zikloetan, hiru eta bost milioi kasu larrirekin eta 250.000 eta 500.000 arteko hilkortasunarekin. Ipar zein Hego hemisferioko latituderik altuenetan agerraldiak batez ere neguan izaten dira, ekuatoretik gertu dauden eremuetan urteko edozein sasoian gertatzen diren bitartean. Heriotzak batez ere gazteen artean, zaharren artean eta osasun arazoak dituztenen artean gertatzen dira. Gripearen agerraldi masiboak edo pandemiak ez dira ohikoak. XX. mendean hiru pandemia gertatu dira: 1918ko gripe pandemia edo espainiar gripea (~50 milioi hildako), 1957ko Asiako gripe pandemia (bi milioi hildako) eta 1968ko Hong Kongeko gripe pandemia (bi milioi hildako). Munduko Osasun Elkartek A/H1N1 gripearen agerraldiari pandemia izaera eman zion 2009ko ekainean. Gripearen birusak gizakia ez ezik, hegaztiak eta beste ugaztunak ere infektatzen ditu.