Hizkuntza familia bat jatorritzat aitzin-hizkuntza bera duten hizkuntzek osatutako taldea da. Hizkuntza askoren kasuan, ezaguna da zein hizkuntza familiari dagokion; euskararen kasuan aldiz, ezezaguna da zein duen jatorriko hizkuntza; beraz, hizkuntza familiarik ez duela esan ohi da, eta hizkuntza bakartutzat jotzen da.
Hizkuntzalaritza historikoak hizkuntzen arteko erlazioak irudikatzeko zuhaitzen metafora darabil. Hau August Schleicher izeneko hizkuntzalari alemaniarrak garatu zuen 19. mendean (Stammbaumtheorie). Honi zor zaio hizkuntza familia terminoa; pertsonen arteko erlazio biologikoak irudikatzeko erabiltzen diren zuhaitz genealogikoak hizkuntzen arteko erlazioak irudikatzeko erabiltzen dira. Hizkuntzalaritza konparatiboak ezartzen ditu hizkuntza familien barneko lotura genetikoak. Familia bereko hizkuntzak edo ahaideak erlazio “genetikoa” dutela esaten da. Familien barruan, badaude ahaide estuagoak diren hizkuntza taldeak; adibidez, indoeuropar hizkuntzen familiaren baitan ingelesa, errusiera eta gaztelania daude, besteak beste; hizkuntza hauek ordea, subfamilia desberdinetan sailkatzen dira: ingelesa germaniarrean, errusiera eslaviarrean eta gaztelania hizkuntza erromantzeen azpitaldean. Hizkuntza hauek arkaismoak partekatzen dituzte sarri, hots, aitzin-hizkuntzaren ezaugarriak.
Aitzin-hizkuntzaren banaketa ardatz geografikoan gertatzea da ohikoena. Jatorrizko hiztun komunitate bateratua gutxinaka zatikatzen doa dialektalizazio prozesuaren bitartez eta amaieran hizkuntza berriak eta beregainak sortzen dira.