Hodei edo isuri piroklastikoa (grezieratik, πυρ, "su" + κλαστός, "hautsi") erupzio bolkaniko batzuen ondorio suntsigarria da, non gas eta arroka isuri laster eta beroa sumenditik irteten den. 700 km/h abiadura har dezake[1] eta 1000 °C-ko tenperatura. Hodeiak lurra jo eta maldan behera isurtzen da grabitatearen eraginez. Abiadura isuriaren dentsitatearen eta maldaren araberakoa da.
1902ko maiatzaren 8an, Martinikako Pelée sumenditik jalgitako hodei piroklastiko batek (frantsesez: Nuée ardente, "hodei goria") Saint-Pierre hiria suntsitu zuen segundo gutxitan, eta 30.000 hildako eragin. Herkulano hiri erromatarraren suntsiketa hodei piroklastiko bati egozten zaio[2].