Holozenoko iraungipena, baita ere seigarren iraungipen masiboa edo Antropozenoko iraungipena, egungo Holozeno garaian gertatzen ari den iraungipen masiboa da, gizakiek eragindakoa[3][4]. Bere baitan hartzen ditu landare eta animalia familia ugari, horien artean ugaztunak, hegaztiak, narrastiak, anfibioak, arrainak eta ornogabeak.
Holozenoaren hasieran, azken glaziazioaren ondoren, Homo sapiensek jendeztatutako kontinente eta uharte berriak izan ziren, batez ere, megafauna desagertzen ikusi zutenak. XIX. mendearen hasieratik, etengabeko azelerazioan 1950eko hamarkadatik aurrera, iraungipenak tamaina guztietako espezieei dagozkie, eta batez biodibertsitate handiko inguruneetan, oihan tropikal eta koralezko uharrietan esaterako. Oraingo iraungipen-tasa 100 edo 1.000 aldiz handiagoa izan daiteke, egungo biodibertsitatearen bilakaeran batez besteko tasa naturala baino[5]. 2007an, Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak ebaluatu zuen 8 txori espezietik 1, 4 ugaztunetik 1, 3 anfibiotik 1 eta landare guztien %70 arriskuan daudela, kalkulatu ziren 41.000 espezieetan[6][7].