Homo ergaster | |
---|---|
1,9 Ma-1,5 Ma | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Primates |
Familia | Hominidae |
Leinua | Hominini |
Generoa | Homo |
Espeziea | Homo ergaster |
Homo ergaster Afrikan, Pleistozenoaren hasieran, bizi izan zen espezie edo azpiespezie bat da, duela 1,9 milioi urtetatik duela 1,5 milioi urtetara. Oraindik ez dago argi zein espezietik eratorria den.
Gaur egun, oraindik, paleoantropologiaren esparruan ebatzi gabe dagoen eztabaida da H. ergaster espezie propioa den edo H. erectus espeziearen dibertsitatearen barnean gehitu behar den. Bi espezie desberdin bezala sailkatzeko irizpideetako bat geografikoa da, izan ere, H. ergaster bezala identifikatutako indibiduoak Afrikan aurkitutakoak dira, H. erectus indibiduoak gehienbat Asian aurkitzen diren bitartean [1] .
Desberdintasun geografikoetaz haratago, morfologia desberdinak erakusten dituzte: H. ergaster-ek kranioko hezur meheagoak eta konstrikzio postorbitario murritzagoa erakusten du, ondorengo Homo espezienganako kidetasun handiagoa erakutsiz; hori dela eta Afrikako Homo sapiens-aren arbasoetariko bat izan daitekela uste da. Bestalde, Asiako H. erectus, ondorengorik utzi gabe desagertu zela pentsatzen da.
Afrikako H. ergaster bezala sailkatu diren fosilak Afrikaren ekialdean, Turkana lakuan (lehen Rudolf lakua bezala ezagutzen zena) aurkitu izan dira eta 1,9-1,5 m.u.tako datazioa daukate.
II moduko kultura edo kultura Achelentse bezala ezagutzen dena garatu zuten, non H. habilis-ak (edo beharbada hominini zaharrago batek) hasitako tresneriaren teknologia hobetu zuten. Behe Paleolitiko bukaeran proto-bifaze deritzogun tresna sortu zen, harria lehen homininiek baino gehiago landuz, baina oraindik funtzio espezifiko gabe (indusketa, haragi prozesatze... lan guztietarako tresna bakarra).