Aanaar / Aanar / Anár / Inari | ||
---|---|---|
| ||
Berezko izena | Aanaar kieldân (Inariko samieraz) Aanar kådda (skolt samieraz) Anára gielda (ipar samieraz) Inarin kunta (finlandieraz) | |
Herrialdea Eskualdea Azpieskualdea |
Finlandia Lappiko eskualdea Ipar Lappiko azpieskualdea | |
Alkatea | Toni K. Laine | |
Sorrera | 1876 | |
| ||
Koordenatuak | 68°39′35″N 27°32′20″E / 68.65972°N 27.53889°E | |
Azalera - Ur-azalera |
17.333,62 km²[1] 2.277,33 km² (%13,1) | |
Biztanleria Dentsitatea Lehen hizkuntza - Finlandiera - Samiera - Besteak |
6.911 (2020)[2] 0,46 bizt/km² (2019)[3] % 89,6 (ofiziala) % 6,7 (ofizialak1) % 3,5 | |
Webgune ofiziala | ||
1 Udalerriko hiru sami hizkuntzak dira ofizialak: Inariko samiera, ipar samiera eta skolt samiera. |
Aanaar, Aanar, Anár edo Inari (suedieraz, Enare) Finlandia iparraldeko Lappi eskualdean dagoen udalerria da. Inari herrialdeko udalerririk handiena da –guztira, 17.333,62 km²-ko azalera du[1]– eta Inari aintzirak eratzen duen eremu natural zabala hartzen du beregan. Lurraldearen %63 babestutako eremuek osatzen dute, besteak beste, Lemmenjokiko eta Urho Kekkonen parke nazionalek[4]. Bestalde, Inarik 6.911 bizilagun ditu eta horietatik 2.100 inguru samiak dira (inariarren %32)[2][5]; hain zuzen ere, sami biztanle gehien duen Finlandiako udalerria da. Inari samien berezko lurraldearen barnean dago, Sápmi deituriko lurraldean, eta 1973an, Enontekiö, Utsjoki eta Sodankylä udalerriekin batera, Finlandiako Samien Lurraldea sortu zuen, samien ohiturak, hizkuntzak eta lurrak babesteko asmoz. Bertan hitz egiten diren hiru samierak –jatorrizko Inariko samiera, ipar samiera eta skolt samiera– dira udalerriko hizkuntza ofizialak finlandierarekin batera.
Inariarren ia bi herenak Ivalo hiriburuan eta inguruko herrietan (Törmänen, Akujärvi-Keväjärvi) bizi diren arren, aipatzekoak dira samien erdigune diren Inari eta Sevettijärvi-Näätämö, eta Saariselkä turismo herria ere. Hain zuzen ere, turismoa, elur-orein zaintzarekin eta basogintzarekin batera, udalerriaren motore ekonomikoa da; guztira, langileen %83,9k egiten du lan hirugarren sektorean[6][7].
Ondasun nabarmenen artean, aipatzekoak dira XVIII. mendeko Pielpajärviko baseliza, 2013. urtean ateak ireki zituen Sajos Samien Kultura Etxea, Inariko samientzat leku sakratua den Ukonkivi uhartea, eta Siida edo Samien Museoa, sami etniaren kultura eta historiari buruzko museo garrantzitsuena dena[8].