Enpresaren ekonomian, inbentarioaren kudeaketa edo izakinen kudeaketa enpresak biltegiratuta dituen izakinen bolumen hobezina erabakitzeko metodo eta tekniken multzoa da, horretarako materialen zein kopuru eta noiz erosi behar den zehaztuz esaterako, ekoizpen-prozesuaren eta bezeroaren beharrak asetu eta aldi berean izakinek dakartzaten finantza-kostuak minimotuz eta izakinik gabe geratu (stock haustura) eta ekoizpen-prozesua gelditzeko arriskua minimotzen duen gutxieneko segurtasun-stock bat finkatuz. Horretarako, eskaera-tamaina, hornikuntza-denbora, izakinen kostuak, izakien eskaria dependentea edo independentea den eta bestelako parametroak kontuan hartu behar dira. Modelo klasikoak kostuen minimotzea zuten helburu, baina XX. mendeko azken hamarkadetan inbentarioen kudeaketarako metodo berriak asmatu ziren, hala nola MRP eta just-in-time, izakinen bolumena une oro minimotzea bilatzen dutenak, ekoizpen prozesuaren beharrak eta bezeroen eskaerak betez betiere.