Mohammed Jassir Abdel Rahman Abdel Raouf Arafat al-Qudwa (arabieraz: محمد ياسر عبد الرحمن عبد الرؤوف عرفات), ezagunagoa Jassir Arafat izenaz[1] (arabieraz: ياسر عرفات , Yāsir `Arafāt, Jaser edo Jasser idazten da batzuetan) eta Palestinan Abu Ammar (1929ko abuztuaren 24a - 2004 azaroaren 11) politikari palestinarra izan zen. Israelen kontrako ekintza armatuak egin zituen, geroago Palestinako Aginte Nazionaleko burua izatera iritsi zen. Bakea lortzeko egindako saiakerengatik, Isaac Rabin eta Shimon Peresekin batera Bakearen Nobel saria lortu zuen 1994an.
1969an Palestinaren Askapenerako Erakundea sortu zuen, baita bertako talde garrantzitsuena izan zen Al Fatah alderdia ere. 1993an Osloko Hitzarmena sinatu zuen Israelekin, eta hortik sortu zen Palestinako Aginte Nazionaleko buru izan zen 1996tik bere heriotza eguneraino. Nazioarteko pertsonaiarik ezagunenetarikoa izan zen XX. mendearen bigarren erdian; askorentzat bere herriaren askatasun ikur eta gidari izan zen, baina beste askok terrorista odolzaletzat zuten. Arabiarren artean joera gogorrenekoek Israelen aurrean izandako balizko malgutasun gehiegia salatu zioten. Horrez gain, bere agintaldiko azken urteetan argi geratu zen Aginte Nazionalaren inguruan zegoen ustelkeria maila handia.