Josip Broz Tito —alfabeto zirilikoz Јосип Броз Тито—, jaiotzako izen-deiturez Josip Broz (Kumrovec, Kroazia-Eslavoniako Erresuma, Austria-Hungariako Inperioa, 1892ko maiatzaren 7a – Ljubljana, Jugoslavia —gaur egun Eslovenia—, 1980ko maiatzaren 4a) iraultzaile komunista jugoslaviarra izan zen, eta 1943tik, 1980an hil zen arte, buruzagitza nazionaleko hainbat postutan aritu zen politikaria[1]. Bigarren Mundu Gerran, Jugoslaviako partisanoak zuzendu zituen; sarritan, Alemaniak okupatutako Europako erresistentzia-mugimendu eraginkorrentzat hartzen dira[2][3]. Lehen ministro ere izan zen 1944ko azaroaren 2tik 1963ko ekainaren 29ra bitartean, eta Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistaren lehendakari 1953ko urtarrilaren 14tik hil zen arte. Haren ideologia politikoari eta programari titoismo deritzo.
Tito aita kroaziar eta ama esloveniarretik jaio zen Kumrovec-en, Austria-Hungaria zen garaian. Soldadutzarako errekrutatuta, nabarmendu, eta garai hartako Austria-Hungariako Armadako sarjentu nagusirik gazteena bilakatu zen. Lehen Mundu Gerran errusiarrek larri zauritu eta harrapatu ondoren, Ural mendilerroko lan-esparru batera bidali zuten. Titok 1917ko Errusiar Iraultzaren eta ondorengo Errusiako Gerra Zibileko ekitaldi batzuetan parte hartu zuen. 1920an, Balkanetara itzuli zenean, Jugoslaviako Erresuma sortu berrian sartu zen, eta, han, Jugoslaviako Alderdi Komunistan (KPJ) sartu zen. 1937an, alderdiaren kontrola de facto bereganatu zuenez, Tito, 1939an, ofizialki hautatu zuten idazkari nagusi, eta, geroago, presidente; agintea, hil arte bete zuen. Bigarren Mundu Gerran, naziek eremua inbaditu ostean, Jugoslaviako gerrilla-mugimendua zuzendu zuen, partisanoak (1941–1945)[4]. Gerra amaitzean, partisanoek, 1943aren erdialdez geroztik aliatuen babesarekin, boterea hartu zuten Jugoslavian.
Haren herrialdeko alderdi komunistaren idazkari orokorra eta geroago presidente bilakatu zen 1939an, eta hil arte kargu horretan aritu zen. Bigarren Mundu Gerran partisanoen buruzagitzan borrokatu zen 1941etik 1945era. 1943an Jugoslaviako Errepublika Sozialista edo Demokratikoa sortu zuten, eta ordutik herrialdeko mariskal izan zen.
1953an Jugoslaviako lehendakari bilakatu zen, eta hil arte iraun zuen karguan.
Gerra ostean, Tito Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistaren (RFSY) arkitekto nagusia izan zen, lehen ministro (1944–1963), presidente (1953–1980; 1974tik bizi osorako presidentea) eta Jugoslaviako mariskal, Jugoslaviako Herri Armadaren (JNA) maila gorena. Kominform-en sortzaileetako bat izan arren, Iosif Stalinen bizitzan, buruzagi bakarra izan zen Ekialdeko Blokeko hegemonia sobietarrari aurre egin zion Kominformeko kidea, eta, 1948an, Jugoslavia kanporatua izan zen erakundetik, Tito-Stalin eszisioa izenez ezagutu zena. Hurrengo urteetan, beste buruzagi politiko eta teorialari marxista batzuekin batera, hala nola Edvard Kardelj eta Milovan Djilas, autogestio sozialistaren eredu idiosinkratikoa abiarazi zuen, non enpresak langileen kontseiluek kudeatzen zituzten eta langile guztiek lantokian demokrazia eta irabazien partaidetza bera izateko eskubidea zuten. Titok zalantza izan zuen federazio zentralizatu edo deszentralizatuago baten alde egiterakoan, eta, azken horren alde egin zuen tirabira etnikoak kontrolpean edukitzeko; hala, konstituzioa apurka-apurka garatu zen errepublika bakoitzari ahalik eta botere gehien delegatzeko eta estatua deuseztatzearen teoria marxistarekin bat etorriz. Jugoslaviako SFRa aurreikusi zuen «interes espezifiko eta komuna lortzeko nazio eta nazionalitate berdinen errepublika federal gisa eta senidetasun eta batasun printzipioaren arabera». Inguruan, harenganako nortasun-gurtza oso indartsua sortu zen, Jugoslaviako Komunisten Ligak hil ondoren ere mantendu zuena. Tito hil ondoren, Jugoslaviako buruzagitza urteroko txandakako presidentetza bihurtu zen, nazionalitate guztiei ordezkaritza emateko eta buruzagi autoritario baten agerpena saihesteko. Hamabi urte geroago, Ekialdeko Europan komunismoa erori eta tentsio etnikoak areagotu zirenean, Jugoslavia desegin, eta etnien arteko gerra sorta batean sartu zen.
Titorekin kritikoak diren historialariek autoritariotzat jotzen dute bere presidentetza[5][6], eta diktadoretzat dute[7][8], beste batzuek, berriz, diktadore onberatzat dute[9]. Pertsonaia publiko eta popularra zen, bai Jugoslavian, bai atzerrian[10][11]. Gaur egun ere, buruzagi herrikoia izaten jarraitzen du Jugoslaviako herrialde ohietan[12]. Tito sinbolo bateratzailetzat zuten[13], bere barne-politikak Jugoslaviako federazioko nazioen elkarbizitza baketsua mantendu baitzuen. Nazioartean, arreta handiagoa lortu zuen Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduaren sortzaile gisa, Indiako Jawaharlal Nehru, Egiptoko Gamal Abdel Nasser, Ghanako Kwame Nkrumah eta Indonesiako Sukarnorekin batera[14]. Atzerrian, ospe oso ona zuen Gerra Hotzeko bi blokeetan; guztira, atzerriko 98 kondekorazio jaso zituen, Ohorezko Legioa eta Bainuaren Ordena barne.
Churchill, who said that Tito was a dictator ...