Katalunia (katalanez: Catalunya, gaztelaniaz: Cataluña eta okzitanieraz: Catalonha) Iberiar Penintsulako ipar-ekialdean kokatuta dagoen herrialdea da. Gaur egun bere estatus konstituzionala ezbaian dago: Espainiako Erresumak bere legediaren menpeko autonomia erkidegotzat jotzen du; Kataluniako Gobernuaren arabera, ordea, errepublika independentea da, bertako Parlamentuak 2017 urriaren 27an onetsi eta aldarrikatu ostean, Estatu berriari Kataluniako Errepublika izena emanez.
Geografikoki, Mediterraneoaren mendebaldean kokatuta dago, Iberiar penintsularen ipar-ekialdean, eta mugakide ditu iparraldean Frantzia eta Andorra, mendebaldean Aragoi, hegoaldean Valentziako Erkidegoa eta ekialdean Mediterraneo itsasoa. 32.000 km² inguru ditu, eta 7 milioi biztanle.
Haren Autonomia Estatutuaren arabera, nazio bat da.[1] Hizkuntzaren aldetik (katalana), lotura estua du gainerako Katalan Herriekin (Països Catalans): Andorra, Valentziako Erkidegoa, Balear Uharteak, administratiboki Frantziako lurraldea den Ipar Katalunia, Aragoiko ekialdeko eremu bat (Sartaldeko Zerrenda edo Franja de Ponent) eta Murtziako El Carxe eskualdea.