Katharine Houghton Hepburn (Hartford, 1907ko maiatzaren 12a - Fenwick, 2003ko ekainaren 29a) Estatu Batuetako aktorea izan zen, ezaguna haren independentziagatik eta haren mingain zorrotzagatik[1]. Hollywoodeko lehen aktorea izan zen hirurogei urte baino gehiagoz. Hainbat generotan parte hartu zuen, hala nola, komedia zoroan, literatura-lanetan oinarritutako drametan, eta emakumezko aktore onenaren lau Oscar sari jaso zituen, antzezle batek ere gainditu gabeko errekorra, gaurdaino[2]. 1999an, Hepburn Hollywoodeko historiako emakumezko izarrik handiena izendatu zuen American Film Institute erakundeak[3].
Guraso erreformistek eta goi klasekoek Connecticuten hazia, Hepburn Bryn Mawr Collegen ikasten zuela hasi zen antzezten. Antzerkian lau urte eman ondoren, Broadwayn egindako lanaren aldeko kritikek Hollywoodeko arreta erakarri zuten. Zinemaren industrian eman zituen lehen urteak arrakastak markatu zituen, eta Akademiaren sari bat ere jaso zuen bere hirugarren filmagatik, Morning Glory (1933), nahiz eta honen ondoren porrot komertzial batzuk gertatu ziren, 1938an «leihatilako pozoi» gisa kalifikatu zutenak. Hepburnek RKO Radio Picturesekin zuen kontratuaren zati bat bertan behera utzi eta The Philadelphia Storyren eskubide zinematografikoak erosi zituen, bera protagonista izateko baldintzarekin saldu zuena. 1940ko hamarkadan Metro-Goldwyn-Mayerrek kontratatu zuen, eta bere karrera Spencer Tracyrekin izandako bikote batean zentratu zen. Bien elkarteak 25 urtez jarraitu zuen pantailan eta bederatzi film ekoitzi zituen.
Hepburnek erronka bota zion bere buruari bizitzaren bigarren erdian, Shakespeareren antzerki-ekoizpenetan aldizka agertu zenean, eta literatura-lanen paper sorta zabal bati heldu zionean. Bere leku propioa aurkitu zuen adin ertaineko neskazaharrak irudikatuz, The African Queen (1951) filmean bezala. Akademiako beste hiru sari jaso zituen Guess Who's Coming to Dinner (1967), The Lion in Winter (1968) eta On Golden Pond (1981) filmetan egindako lanagatik. 1970eko hamarkadan, telebistarako filmetan parte hartzen hasi zen, zahartzaroan bere ibilbidearen gune nagusi bihurtu zirenak. Bere bizitzaren amaieran aktibo mantendu zen eta 1994an erretiratu zen 87 urterekin. Jarduerarik gabeko eta osasun txarreko aldi baten ondoren, Hepburn 2003an hil zen, 96 urte zituela[4].
Hollywoodeko publizitate-sistema errefusatzeagatik eta gizarteak emakumeekiko zituen itxaropenak betetzeari uko egiteagatik oso ezagun egin zen. Gaztetan, Ludlow O. Smithekin ezkondu zen, baina dibortziatu ondoren, bakarrik bizi izan zen, nahiz eta 26 urteko maitasun ezkutua izan zuen Spencer Tracy kidearekin. Bere bizimodu ezohikoarekin eta pantailan antzeztu zituen pertsonaiekin, Hepburnek «emakume modernoa» pertsonifikatu zuen XX. mendeko Estatu Batuetan, eta figura kultural garrantzitsu gisa gogoratzen da[5][6].