Kwame Nkrumah (jatorrizko izena 1945 arte: Francis Nwia Kofi Ngonloma;[1] Nkroful, 1909ko irailaren 21a - Bucarest, 1972ko apirilaren 27a)[2] Ghanaren independentziaren politikari aitzindarietako bat izan zen. Europan eta Amerikan jaso zuen hezkuntza, eta bertan zenbait mugimendu panafrikanista sortu zituen, ikaskideen beharrei lagunduz eta Afrikako herrialdeek estatu bat izateko eskubidea aldarrikatuz. Ghanako errepublikako lehen presidentea izan zen (1960), erregimen zentralista, alderdi bakarreko, aurrerakoi eta panafrikanista bat ezarrita. 1962an, herrien arteko Bakearen Lenin Saria jaso zuen. 1966an, Pekinen bidai ofizial batean zelarik, boteretik kendu zuten CIAk babestutako estatu kolpe baten bitartez.[3][4][5] Horren ondorioz, Gineara joan zen erbesteratuta.[6]
Herriaren Konbentzioaren Alderdia (ingelesez: Convention People's Party, CPP; akaneraz: Apam Nkorɔfo Kuw) sortu zuen autodeterminazioa lortzeko; grebak, kaleko matxinadak eta herritar zibilen protesta masiboak sustatzen zituen, eta horregatik, zenbait aldiz espetxeratu zuten.[7]
Afrikarentzat sozialismo moderatu bat nahi zuen, ukatuko ez zuena inperialismoak mendeetan zehar ezarritako kapitalismoa. Mao Zedongen Txinaren aliatu izan zen. Ghanako Errepublika berriaren buru gisa, herrialdea industrializatzen lagundu zuen, kakaoaren merkataritzaren onurak baliatuz.
Argitaratu zituen liburuetan, klase borroka eta afrikarrek atzerriko herrialdeen kolonia izateari uko egin beharra aztertu zituen.