Lapurtarren deportazioa (1794)

Lapurtarren deportazioa
Motakanporatze
Denbora-tarte1794ko martxoaren 3a - 1794ko urriaren 2a
KokalekuLapurdi
HerrialdeaFrantziako Lehen Errepublika

Lapurtarren deportazioa 1794ko martxotik urrira gertatu zen, frantses agintari iraultzaileek Lapurdi hegoaldeko hainbat herritatik Landetara eta Frantziako beste lurralde batzuetara herritarrak trumilka kanporatu zituztenean, Konbentzioaren Gerran. Frantziako Iraultza bete-betean, Mendebaldeko Pirinioetako Armada eratu berriak Lapurdiren kontrola hartu zuen Frantziako Konbentzio berriko mandatarien begirada zorrozpean, Ipar Euskal Herriko foruak legez kendu eta lau urtera. Lapurtarrek gogoz kontra hartu zituzten agintari frantses berriak eta haien aginduak, tartean zirela zerga, militar, erlijio eta kultura arloko hainbat neurri.

Konbentzioaren Gerrako mapa Pirinio mendebaldean

Sarako eta bestelako gazte batzuek armadari desertzio egin eta Bortziri eta Baztanera ihes egin izanaren aitzakiatan, Jacques Pinet eta Jean-Baptiste Cavaignac Konbentzioaren herri ordezkariek hainbat herritako biztanle ugariren deportazioa agindu zuten bizilekutik 20 legoatara gutxienez, Landetara, eta urrunago. Bitartean, herri horietan erreketa, lapurreta eta gehiegikeria ugari gertatu ziren. Robespierreren eta Menditarren uztaileko gainbeherak deportazio aldia ere finitu zuen, baina bizirik irtendako askok urri arte itxaron behar izan zuten beren herrietara itzultzeko.

Lurbinttoko Ohoinak komikiak jaso du gertakaria (Adur, 2022).

Jean-Martin Mundutegi uztariztar negozio-gizona izan zen deportazio horren antolatzaile eta onuradun nagusietako bat. Deportazioak eta eragindako izuak, tokikoen euskaltasunaren kontrako neurri eta adierazpenen erdian, efektu traumatikoak izan zituen Lapurdiko gizartean eta ekonomian; ondorioz, gazte ugarik Ameriketarako erbeste bidea hartu zuten. Deportazioaren kopuruetan, askotariko estimazioak egin dira, ehunka herritarretik eta 3.000tik gora izateraino; 1.600 bat herritar hilik atera zirela pentsatzen da.


Lapurtarren deportazioa (1794)

Dodaje.pl - Ogłoszenia lokalne