Lirika (grek. lyrikos, lirari dagokiona) olerkariak bere barne-sentimenduak adierazten dituen poesia-mota da. Poetak barne giroak, inpresio, gogoeta eta beste edonolako sentimendu subjektibo adierazteko erabiltzen duen generoa da: literatura-arloan, poesia lirikoa generotzat hartzen baita. Lirikan alderdi subjektiboa eta barnekoia beste generoetan baino nagusiagoa da. Emozioa eta sentimendua biziki lotuta daude lirikaren definizioekin niaren esperientzia eta adierazpen gisa.[1]
Aristotelesek hiru poesia-kategoria handitan (lirikoa, dramatikoa eta epikoa) egindako banaketari zor dio terminoak bere garrantzia teoria literarioan. Poesia lirikoa literaturaren lehen formetako bat da.