Lurraren atmosfera

Lurraren atmosfera edo eguratsa Lurra inguratzen duen gas geruza da. Osagai nagusiak hauek dira: nitrogenoa (% 78), oxigenoa (% 21,12), argona (% 0,93), karbono dioxidoa (% 0,04), ur lurruna (% 2 inguru) eta beste gas batzuen aztarnak.

Atmosferak Lurra kanpoko erradiazioetatik babesten du, izpi ultramoreak xurgatuz. Ez du muga zehatzik, gainazaletik aldendu ahala bere dentsitatea jarraian jaisten baita. Askotan, atmosferaren eta espazioaren arteko mugatzat Karman muga aipatzen da, lurrazaletik 100 km gorago.

Berez, zatiki gotorrak eta isurkariak suspentsioan dauzkan gas nahasketa da eguratsa, grabitatearen indarraren bitartez Lurrari loturik dagoena.

Konpresioa dela-eta, ia egurats guztia (% 97) lurretik gertueneko lehen 29 kilometroetan dago, baina esan daiteke eguratsa hamar mila kilometroko goratasuneraino iristen dela, eta han planeta arteko eremuarekin nahasten dela.

Bizitzeko ezinbestekoa delako, eta orobat erregulatzaile gisa duen zeregina dela-eta, eguratsean gertatzen dira hautematen ditugun eguraldi gorabeherak, eta, aldi berean, klimaren elementuak baldintzatzen dituen eragilea da. Eguratsaren kontzeptua hobeto ulertu ahal izateko, behar-beharrezkoa da aldez aurretik zenbait puntu argitzea, eta eguratsaren izatea ahalbidetzen duen mekanismoa aztertzea. Horrela, esan behar da materialek, beren egoera gorabehera, energia zinetikoa izaten dutela zatikietan, mugimendua eragiten duena. Aldi berean, zatiki bakoitza gainerako zatikien erakarpen indarraren mende ere badago, eta elkartzera egiten dute. Bi indarren arteko erlazioaren arabera mugituko da zatiki jakin bat gehiago edo gutxiago.

Gas egoeran dauden materialen ezaugarri nagusia da zatikiek masa berean dauden gainerako zatikiekiko modu librean mugitzeko adina energia dutela; alabaina, ez da ahaztu behar badirela erakarpena eragiten duten bestelako masak ere.

Lurraren kasuan, gas molekulek Lurraren erakartze indarra (grabitatea) jasaten dute, indar horrek Lurraren erdialdera bultzatzen ditu, eta, horren ondorioz, ezin dira izarrarteko espazioetara joan. Zatiki mota desberdinak daudenez gero, bakoitzak indar mota desberdina hartzen du, eta, hori dela-eta, batzuk lur azaletik gertuago egoten dira, eta urrunago besteak. Egoera horren ondorioa geruzetan antolaturiko egitura bat da, Lur azaletik urrundu ahala gero eta dentsitate gutxiago duena. Egitura horrek eguratsaren goiko muga definitzeko bidea ematen du, hau da, zatikiak oraindik Lurraren erakarpen indarraren mende daudena;muga hori hamar mila kilometro inguruan jartzen da, nahiz eta hogeita hamar mila kilometroko garaieran Lurraren erakarpen indarraren mende dauden hidrogeno atomoak ere aurki daitezkeen.

Praktikan, Eguzkia da eguratsean gertatzen diren prozesu gehienen energia iturri nagusia; beste zenbait energia iturri ere badiren arren (Lurraren barne iturri erradioaktiboak eta bolkanikoak), ez dute ia-ia eraginik izaten. Horrela, Eguzkiaren igorpen etengabea da, gehienbat irrada energia gisa heltzen zaiguna, gure planetara heltzen den bero energiaren eragile nagusia.

Lurrak, aldi berean, bere tenperatura dela eta, beroa bidaltzen du kanpoko espaziora eta, horren ondorioz, energia galerarik ere bada. Energia sartzeko eta irteteko prozesu horiek etengabeak dira, eta bi prozesuen arteko diferentziatik sortzen da Lurra/eguratsa sisteman dagoen beroaren balantza orokorra. Balantza hori, gaur egun, hutsa da, Eguzkitik hartzen den energia kopurua eta Lurrak kanporatzen duena berdinak direlako; horrela gertatuko ez balitz, Lurra berotu edo hoztu egingo litzateke. Horrez gainera, irradak ez baitira modu berean banatzen Lur osoan, energia transferitzeko mekanismo garrantzitsuak sortzen dira Ekuatore eta lurburu inguruetako lurraldeen artean, eguratsaren eta ozeanoen bitartez.

Horrek guztiak dakar, zuzenean ez bada ere, Lurreko eguraldiaren eta klimaren banaketa.


Lurraren atmosfera

Dodaje.pl - Ogłoszenia lokalne