Maria | |
---|---|
Ezaugarriak | |
Sexua | emakumezkoa |
Bizitokia | Nazaret |
Baliokideak | Elurretako Ama Birjina, Andre Maria doloretakoa, Mary in Islam (en) , Our Lady of Lourdes (en) , Guadalupeko Gure Ama, Fátimako Ama Birjina eta Pilareko Andre Maria |
Familia | |
Aita | Joakim |
Ama | Ana |
Ezkontidea(k) | Josef Nazaretekoa |
Seme-alabak | Jesus Nazaretekoa, Jakue Zuzena, Simon, brother of Jesus (en) , Jude (en) eta Joses (en) |
Anai-arrebak | Maria Salome eta Maria Kleofasena |
Familia | ikusi
|
Leinua | Familia Santua |
Maria[1] —antzinako grezieraz: Μαρία, María; arameraz: ܡܪܝܡ, Mariam; hebreeraz: מִרְיָם, Miriam; koptoeraz: Ⲙⲁⲣⲓⲁ; arabieraz: مريم, Maryam— (Galilea, K. a. 18ko irailaren 8a[2]) Galileako emakume judua izan zen[3], Itun Berria[4][5][6][7] eta Koranaren arabera[8][9] Jesus Nazaretekoaren ama izan zen. Hainbat titulu, estilo eta ohorerekin ere izendatzen da: Dona Maria, Andre Dona Maria, Andre Maria (Heg.), Andra Maria (Bizk. eta Gip.) edo Andredena Maria (Ipar.).[10][11]
Mateo eta Lukasen ebanjelioen arabera, Itun Berrian zen Koranaren arabera Maria birjina zen (antzinako grezieraz: παρθένος, parthénos[12]) eta kristauek sinisten dute bere semea Espiritu Santuak sortu zuela birjina izanda ere. Sorkunde birjinalaren miraria Maria Josef Nazaretekoarekin ezkongai zenean eman zen, eta ezkontzaren errituala amaitzeko zain zeudela, etxe-hartzearen zeremonia formala[13]. Maria Josefekin ezkondu zen eta Betleemera joan ziren. Bertan jaio zen Jesus[14].
Lukasen ebanjelioan, Mariaren inguruko kontakizuna Deikundearekin hasten da, Gabriel aingerua Mariari agertu zitzaionean esateko Jesusen amai izateko aukeratua izan zela. Ebanjelioen arabera, Maria bertan zegoen Jesusen Gurutziltzaketa eman zenean, eta Jerusalemgo lehen kristau komunitateen kide gisa agertzen da. Katoliko eta Ortodoxoen irakaspenen arabera, lurreko bizitzaren ostean bere gorputza zuzenean igo zen Zerura; mundu kristauan Andre Mariaren Jasokundea izena hartzen du gertakari honek[15][16].
Mariaren gurtza kristautasun primitibotik hasi zen[17][18], eta milioika fededunek uste dute erlijioko santurik nabarmena izan zela. Ama Birjinaren agerraldiak mundu osoan zehar eta mendeetan zehar gertatu direla uste dute fededunek. Ekialdeko eta Mendebaldeko Eliza Ortodoxoak, Eliza Katolikoak, Eliza Anglikanoak eta Eliza Luteranoak sinisten dute Maria, Jesusen ama izanda, Jaungoikoaren Ama ere badela (antzinako grezieraz: Θεοτόκος, Theotokos, hau da, "Jainkoaren eramalea"). Mariaren inguruko sinismenean aldeak daude tradizio kristau ezberdinen artean. Erromako Eliza Katolikoak Mariaren Dogmak ditu, batez ere Jaungoikoaren Ama izatea, Sortzez Garbia izatea, betirako birjina izatea eta Jasokundea[19]. Protestante askok Mariaren papera gutxitzen dute, batez ere Biblian berari buruzko aipamenak urriak direla argudiatuz[20]. Maria pertsonaia gurtua da Islamean, eta Koraneko atalik luzeenetako bat berari buruzkoa da[21].