Artikulu sorta honen partea: |
Mekanika klasikoa |
---|
Fisikaren barruan, Mekanika deritzo indarren eraginpean dagoen materiaren higidurak eta orekak era matematikoan aztertzen dituen atalari. Artikulu honetan, gaur egun duen izaera garatu arte Mekanikak mendeetan zehar izan duen historia azalduko da.
Izatez, Mekanikaren historia Galileorekin (1564-1642) hasi zen benetan. Baina Fisikaren atal honek askoz ezagutza zaharragoetan izan zuen jatorria, bereziki Aristotelesen (k.a. 384-322) eta Arkimedesen K.a. 287-212) gogoetetan abiatuta. Nolanahi ere, XIX. mendera arte mekanika terminoak gaur egun garbi bereizirik dauden bi arlo biltzen zituen: batetik, materiaren higiduraren azterketa zientifikoa eta, bestetik, teknologian erabiltzen ziren makinak fabrikatzeko artea.
Mendeetan zehar, Mekanikaren arloa asko zabaldu zen, terminoa argitzeko adjektibo osagarria gehitu zitzaizkion: mekanika newtondarra, mekanika analitikoa, mekanika lagrangearra, mekanika hamiltondarra, mekanika klasikoa, mekanika erlatibista. Mekanikaren garapen horiek Naturako higiduren behaketan gizakiengan sorturiko galderei erantzunak bilatzetik etorri dira: filosofoek, astronomoek, matematikariek... eginiko galderetatik. Betidanik, Natura miresten zuten gizakiek atsegin hartu dute zeru izartsuari edo itsasoko olatuei begiratzean, edo hegaztien hegaldia ikustean, edo ilunsentia mirestean, edo Naturaren beste hainbat gertaera behatzean. Edertasunez liluraturik, eta jakinahiaren eraginez, oso antzinatik hasita, gizakiek hainbat galdera planteatu dituzte, fenomeno naturalak zergatik eta nola gertatzen diren ulertu ahal izateko.
« | Zientzialariak ez du aztertzen Natura baliagarria delako; bertan atsegina hartzen duelako aztertzen du, eta atsegina hartzen du, benetan ederra delako. Natura ederra ez balitz, ez luke mereziko ezagutzea. | » |
—Henri Poincaré (1854-1912) |
Gauzak horrela, garai guztietako naturaren filosofoek landu dituzten gaitetako bat higiduraren forma naturaletan parte hartzen duten indarren ezagutza izan da.